Oñatiko udala

Gure Bazterrak elkarteak memoria historikoari buruzko ikerketa berria hasi du

2024/05/22
Card image cap
1975ean gertatu ziren hainbat atentatu argitu nahi ditu, tartean, Juan Zelaia enpresaria hiltzeko ustez egin zen ahalegina

  Gure Bazterrak kultur elkarteko memoria historikorako taldeak ikerketa lan berri bati ekin dio, 1975. urtean gertatu ziren hainbat atentatu argitzeko helburuz. Informazioa biltzen hasi dira eta datu argigarriren bat duten herritarrei eurekin harremanetan jartzeko eskatzen diete. Azken helburua, liburu bat argitaratzea litzateke, Irunberriko hilketen inguruan egin zen bezala. Kasu honetan ere, Pako Aristi laguntzeko prest ei dago.

  1975eko urrian, geografikoki nahikoa eremu hurbilean gertatu ziren hiru atentatu argitu nahi ditu Gure Bazterrak elkarteak: urriaren 5ean, Kanpazarreko tabernan erail zuten Iñaki Etxaberen kasua, egun berean, eta Arantzazuko bidean Juan Zelaia enpresaria hiltzeko usten egin zen ahalegina eta hurrengo astean, urriaren 12an, Legution hil zuten German Agirre taxi-gidariaren kasua. Hiru atentatuak gerra zikinaren testuinguruan eta talde parapolizialek egin zituztela uste dute Gure Bazterrak elkartekoek, nahiz eta German Agirre ETAk hil zuela argitaratu zen. Informazio hori gezurtatzen duen agiri bat eskuratu ei dute. Bide beretik, beste bi atentatuak ere argitzea dute helburu, bereziki, orain arte askorentzat ezezaguna zen Juan Zelaiaren kontrako atentatu saioa. Xehetasunen bat eman dezakeenari, beraiekin harremanetan jartzea eskatzen dute.

  Laguntza ekonomikoa ere eskatzen dute, aurreko aldian egin zuten bezala. Ikerketan sortzen ardi diren gastuei aurre egin ahal izateko, ekarpen ekonomikoak egiteko deia zabaldu dute eta 20, 50 edo 100 euroko ekarpenak egitea eskatzen ari dira. Era bateko edo besteko laguntza emateko prest dauden herritarren eskura telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat jarri du Gure Bazterrak taldeak; telefonoa: 655 836 183 eta helbidea: jardunaldiak@hotmail.com

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!