Gripe eta Covid txertoak jartzen hasi dira San Martin egoitzan
Egoitzetako egoiliarrak dira gripea eta Covidaren aurkako dosi berria hartzen lehenak. San Martin egoitzan asteazkenean hasi ziren hala nahi duten egoiliarrak txertatzen eta astebetean amaitzea espero dute egoitzako arduradunek. San Martingo egoiliar gehienek txertoa hartzea eskatu dute.
5 urtetik beherako haurrak eta 60 urtetik gorako gainontzeko herritarrak datorren astean hasiko dira txertatzen osasun zentroan. Hori da aurtengo kanpainaren berritasunetako bat, adina 65 urtetik 60ra jaitsi izana eta sei hilabete eta 5 urte arteko haurrei ere gripearen kontrako txertoa jartzea. Astelehenetik aurrera 5 urtera arteko haurrak, 60 urtetik gorakoak, gaixo kronikoak, haurdun daudenak eta zaintza eta osasun arloan diharduten profesionalak gripearen aurka txertatzen hasiko dira anbulatorioan. Nagusiei gainera Covidari aurre egiteko txerto-dosi berria hartzeko aukera emango zaie.
80 urtetik gorakoei zuzenean telefonoz deituko zaie txertoak hartu nahi dituzten galdetzeko. Baiezkoa erantzuten dutenei txanda emango zaie. Gainontzekoek, osasun zentrora deituta edo Osakidetzaren web orrian sartuta hartu beharko dute. Azken asteotan Covid kasu asko izan dira inguruan, eta positibo eman duenak, Covid txertoa hartzeko zenbat denbora itxaron behar duen galdetu beharko du. Gripearena orain hartzeko ez dago halako arazorik.
Urrian zehar haur txikiak eta ohiko arrisku taldeetan daudenak txertatuko dira baina azaroaren 6tik aurrera gainontzeko herritarrentzat zabalduko da gripearen eta Covidaren aurkako txertoak hartzeko aukera. Horretarako hitzorduak urriaren 30etik aurrera hartu ahal izango dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!