Gotzon Telleria oñatiarraren espetxe egoera salatu du gehiengo sindikalak Bilbon

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak bat egin dute Gotzon SOS dinamikarekin eta indarrean den legedia beteaz oñatiarrak hirugarren graduan beharko lukeela aldarrikatu zuten atzo, Bilbon bilduta. Oñatiarrari elkartasuna adierazi eta bere egoeraren berri zabaltzeko dinamika berezia sortu da Bilbon. Horren harira sindikatuetako ordezkarien elkarretaratzea egin zen goizean Plaza Biribilean eta arratsaldean, beste bat, Indautxu auzoko osasun zentroaren aurrean. Ostegunean berriz hitzaldia egingo da Hitz & hitz fundazioaren egoitzan.
Gotzon Telleriak 69 urte ditu egun eta ELA gaitz sendaezina diagnostikatuta dauka. Egun Zaballako kartzelan dago, bigarren graduan, baina hirugarren gradua aplikatuta kalean beharko lukeela azaldu zuten sindikatuetako ordezkariek atzoko elkarretaratzean. Bildutako sindikatuek Sare Herritarrarekin batera dinamika propio bat abiatu zuten 2019an, salbuespen politikak salatzeko eta konponbide, bake eta elkarbizitzaren aldeko urratsak bultzatzeko. Konponbidearen bidean pausoak ematea ezinbestekoa dela adierazi zen atzoko elkarretaratzean eta gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik irten ahal izatea eskatu zen.
Gotzon Telleria 2017an estraditatu zuten Mexikotik Espainiara, eta 26 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 1981ean polizia baten hilketan parte hartzea egotzita. 2019an, baina, gaixotasun genetiko baten lehen sintomak antzeman zizkioten. Oñatin ere, Gotzon Telleria kaleratzearen aldeko ekintza eta mobilizazioak egin dira azken urte hauetan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!