Oñatiko udala

Gomiztegi baserriaren egunerokoa ikusgai "Ongi etorri baserrira" ekimenaren baitan

2024/06/18
Card image cap
Gipuzkoa eta Bizkaiko 19 baserritako ateak irekiko dira uztailaren 5 eta 6an

  ENBA sindikatuak 2014an abiarazitako ekimena da Ongi etorri baserrira!. Pandemiak ekarritako etenaren ondoren berriro ekin zitzaion eskaintzari 2022an, eta dagoeneko bederatzigarren aldiz egingo da, uztailaren 5ean eta 6an. Hasieran Gipuzkoako baserritako ateak ireki ziren eta eskaintza Bizkaiko beste hainbatekin osatuz joan da. Aurten, guztira, 19 baserri bertatik bertara ezagutu ahal izango dira; 19 baserri, 19 familia eta beste horrenbeste nekazal ustialeku. Izan ere, egitasmoak, hainbat helburu ditu: landa-guneari balorea eman, barnealdeko zonaldeko turismoa sustatu eta herri gastronomia goratu. Baserritarrek kalitatezko produktuak sortzeaz gain, ingurumena eta paisaia zaintzen duten subjektu aktiboak direla ezagutzera eman eta gizarteratu nahi da.

  Gomiztegi baserriak egitasmo honetan parte hartuko du, beste behin. Egitasmoaren beteranoetako bat da Gomiztegi, orain hamar urte, ekimena martxan jarri zuten 8 baserrietako bat izan baitzen eta urtero bertako ateak bisitariei ireki baitizkie, bertatik bertara ezagutu dezaten. Uztailaren 6an izango da Gomiztegi bisitatzeko aukera. Aurten ezagutu daitezkeen 19 baserrietako bakoitzak bere berezitasuna du, Gomiztegin, artaldea eta gazta ekoizpena dute baina eskaintzan, haragitarako zein esnetarako behiak, barazkiak eta shitake perretxikoak, txakolina, erlezaintza edota sagarrak eta sagardoa ekoizten dutenak ezagutu daitezke, besteak beste. Debagoienean, Gomiztegi ez ezik, Antzuolako Lamariano Azpikoa baserria eta AMA-TXO gaztandegia ere bisitatu ahal izango da, uztailaren 5 eta 6an.

  Ongi etorri baserrira! ate ireki jarduna doan izango da eta baserriaren arabera, uztailaren 5ean edo 6an egin ahal izango da. Zenbait bisita euskaraz soilik egin ahal izango dira. Jarduera 11:00tatik 14:00tara egingo da eta zenbait bisitetan, elkarrengandik hurbil dauden bi baserri ezagutzeko aukera ere eskaintzen da. Baserriak ezagutu nahi dituzten banakako, familia edo taldeek izena aurrez eman behar dute. Horretarako epea gaur zabaldu da. Izen-ematea internet bidez egin behar da: www.ongietorribaserrira.com atarian sartuz.

  Baserriak bertatik bertara ezagutzeko aukera hau zabaltzeko argazkiak atera eta bidaltzea eskatzen da eta hala egiten duten guztien artean, nekazalturismo batean lau lagunentzako bi eguneko egonaldia zozkatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!