Gomistegiko harrobia ustiatzeko proiektuaren aldaketa eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioari alegazioak aurkeztea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Eta halaxe adierazi da behin baino gehiagotan. Iazko apirileko Osoko Bilkuran esaterako, harrobia handitzearen kontrako mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, eta taldearen aldeko botoz eta EAJren abstentzioaz, idatzia, gehiengoz onartu zen. Orain, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jendaurrean jarri du Gomistegi Emakida Ustiatzeko Proiektu aldatu izanaren ondoriozko ustiatze proiektua eta ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana alegazioak eta erreklamazioak egin daitezen. Iragarkia, astelehenean argitaratu zen Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean erreklamazioetarako, esan bezala, 30 eguneko epea irekiz. Udalak alegazioak aurkeztuko dituela jakinarazi zuen Oñati Irratian alkateak, baina herritarrei ere, dokumentua aztertzeko gomendioa egin zien.
Gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean azalduko den gaietako bat da Arantzazuko harrobiarena baina beste 49 jaso dira lan zerrendan. Haurrak eta Gazteria Batzordearen eskutik, esaterako, urrirako ekintzak eta Gaztelekuan egingo diren kontzertuen berri emango da, jaietan ospatuko diren Gaztetxoen Eguna eta haurrei zuzendutako puzgarri, tailer eta abentura parkeen inguruko xehetasunak azalduko dira eta azken asteetan jaso diren gazteen emantzipaziorako diru laguntza eskaerak ebatziko dira. Gazteen emantzipaziorako udal diru laguntzak gutxienez 12 hilabeteko etxebizitza-alokatze kontratua duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Beti ere, urteko 28.000 euroko diru sarrera gordinen mugarekin. Alokatzen den etxebizitza, Oñatin egon behar da eta eskatzaileak ere Oñatin erroldatuta egon beharko du, gutxienez 10 urtetan edo azken bi urteetan. Gazteen emantzipaziorako diru laguntza hauek eskatzeko azken eguna urriaren 17a izango da.
Leinzbideko galtzada eta Torreauzoko argiteria berritzeko aurrekontu proposamenak, Natur Eskolako zorua margotzea, AGITAX taxilarien eskaera edota partikularrek egin asmo dituzten hainbat lanetarako baimen eskaerak aztertuko dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean. Lan zerrendan, 50 gai jaso dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!