Oñatiko udala

Goienagusi kultur elkartearekin hitzarmena berritu du Udalak, Esperientzien Gela ekimenari jarraipena emateko

2023/11/09
Card image cap
Goienagusi eta Oñatiko Udalaren arteko hitzareman sinatzea, iaz
2.400 euroko dirulaguntza emango dio Udalak

  Iazko maiatzeko Osoko Bilkuran onartu zen Udala eta Goienagusi kultur elkartearen arteko lankidetza hitzarmena, Oñatiko Esperientzien Gela martxan jartzeko. 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduta hitzaldiak hamabostean behin antolatzeko ardura hartu zuen Goienagusik eta Arrasaten eta Bergaran programatuko ziren hitzaldiekin bateragarriak izango ziren, oñatiarrek ere bertaratzeko aukera izan zezaten. 2022-2023 ikasturtean, eta abendura arte, herriko nahiz kanpoko hitzaldietara doan joateko aukera eskaini zitzaien oñatiarrei, eta urte berriarekin, herriko hitzaldietarako asistentzia doan mantendu da eta Arrasate edo Bergarakoetara joateko Goienagusiko bazkide egin behar izan da. Hitzaldiez gain, irteerak, ikastaroak eta bestelako ekintzak ere eskaintzen dizkie Goienagusik bazkideei.

  Oñatiko Esperientzien Gela martxan jartzea, horretarako Santa Ana aretoa eta beharrezko baliabide teknikoak eskuratzea eta gastuetarako dirulaguntza ematea jaso zen Udala eta Goienagusi elkartearen arteko lehen lankidetza hitzarmenean. 2022ko irailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era arteko iraunaldia zuen eta orain, dirulaguntza zuzena jasota, lankidetza hitzarmen berria egitea onartu du udalbatzak. Bigarren hitzarmen honen oinarria iaz adostutakoa da baina diru ekarpena 2.410 eurora jaso da. Urriko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen hitzarmena azaroaren 1ean sartu zen indarrean eta 2024ko maiatzaren 30era arte iraungo du.

  Lankidetza hitzarmen berri honen babesean azarorako antolatu dituen bi hitzaldiak iragarri ditu Goienagusik: hilaren 22an Mendizaletasuna gaur egun gaia jorratuko dute Ramon Olasagastik eta Unai Ugartemendiak eta 29an, Biologia eta medikuntzako zenbait aplikazio matematiko hitzaldia emango du Elisabete Alberdi matematikariak. Bi saioak 55 urtetik gorako edozein herritarri zuzenduta daude, Santa Ana aretoan izango dira, 10:00etan hasita. Baina Oñatiko Esperientzien Gelak berezitasun bat du eta 9:30etan Santa Anako sarreran izaten den kafe-tertuliatxoa da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!