Oñatiko udala

Goi mailako kalifikazioa jaso du Zubillagako Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak

2024/04/16
Card image cap
Halako aitortza lortu duen abere hiltegi bakarra da EAEn

  Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ikuskaritza egin zuen Zubillaga-Oñati Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuan, urte hasieran, eta goi mailako kalifikazioa eman zion. Ikuskaritzak hiltegi eta zatitze zerbitzuaren azpiegitura, dokumentazioa, lan modua eta gainontzeko faktoreak aztertu zituen. Zubillagako abere hiltegiak goi mailako kalifikazioa lortu zuen eta aipagarria da Euskal Autonomi Erkidegoan halako maila lortu duen bakarra dela.

  Zubillagako instalazioetan eta lan egiteko prozeduretan azkenaldian txertatzen ari diren berrikuntzen eta egin diren inbertsioen emaitza da jaso berri den kalifikazioa, hiltegiko arduradunen esanetan. Guzti honek, urteetan garatutako esperientzia eta jakintzarekin batera, Zubillaga-Oñatiko hiltegia lehen lerroan kokatzen du, elikagaien zein prozesuei dagokionez. Herritarrei kontsumo osasuntsua bermatzeko, baserritar zein harakinek kalitatezko produktuak merkaturatu ditzaten erakundeak duen konpromisoa ere berresten du.

  Osasun Sailaren ikuskaritza emaitzarekin batera, 2023ko ekitaldiko datuak baloratu ditu Zubillagako hiltegiko gerentziak. Horretarako ezinbestean kontuan hartu behar izan da, egungo egoera ekonomikoa, elikagaien prezioen igoera eta baserritarrek duten egoera; oro har ekoizpena modu egokian mantendu da Zubillagako instalazioetan, estatu mailan haragi kontsumoa nabarmen jaitsi bada ere. Iaz ia 1.600 tonako ekoizpena izan zen eta hauetatik 64 tona ekoizpen ekologikoari dagozkie. Horrek esanahi du 2022ko ekoizpena %7 handitu zela. Aipatzekoa da, ekoizpenaren %32a Euskal Okela zigiluari zegokiola, eta Euskal Autonomia Erkidegoan halako bereizgarria jaso zuenaren %13a dela. Ekoizpenaren jatorriari dagokionez, 1.007 ustiategiri eman zitzaion zerbitzua; %47a Bizkaian, %26a Gipuzkoan, %18ak Araba, eta %9a Nafarroan. Horrez gain, zatitze zerbitzuari dagokionean 389.000 kg./kanal zatitu eta prestatu ziren salmenta zuzenerako, hau da harategi edo autokontsumorako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!