Oñatiko udala

Gobernu taldeak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berri eman gabe urtebete daramala salatu du EAJ-k

2022/06/02
Card image cap
Berezao eremua
Galdera egin zuten azken Osoko Bilkuran baina erantzun zehatzik ez zutela jaso zabaldu dute prentsa ohar bidez

  Maiatzaren 10ean urtebete bete zen EH Bilduren udal gobernuak Oñatiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapena aurkeztu zuenetik, eta EAJk salatu du prentsa ohar bidez informazio eta gardentasun faltarekin egiten ari dela Planaren idazketa.

  Jeltzaleak kezkatuta daude EH Bilduk HAPOrako aurkeztu zituen irizpide eta helburu orokorrekin, eta azken urte honetan izan diren urratsen berri emateko eskatu dute. Hala egin zuen azken Osoko Bilkuran Angel Biain zinegotziak, HAPOa zein fasetan dagoen, idazketa nola doan galdetuz. Baina erantzun zehatzik ez zuela jaso salatu dute prentsa oharrean. Alde horretatik gogoratu dute jeltzaleek hainbat proposamen egin zituztela iaz baina gobernu taldeak ez zituela onartu. Proposamenak bizitegi-lurzorua, industria eta kirol arloko ekipamenduen inguruan egin zituen EAJ-k, beraien ustez, EH Bilduk modu okerrean planteatu zituelako.

  Etxebizitzen eraikuntzarako Cegasa eta Eroski-Berezao inguruak proposatzea epe luzerako estrategia eskatzen duela aipatzen dute jeltzaleek oharrean, bideragarritasun konplexuko eremuak direla eta 15-20 urtera begira jartzen duen irtenbidea dela azpimarratuaz. Garayko aukera baztertu izana akatsa dela deritzote jeltzeleek. Kirol ekipamenduari dagokionean berriz, futbol zelai berria egitea eta Berezaon egitea proposatzen du berriro EAJk, kokapen onena dela azpimarratuz prentsara zabaldutako oharrean.

  Urteak aurrera Oñatiren garapenerako estrategia integral gidaririk gabe jarraitzen dela salatzen du EAJ-k, eta galdetzen eta ekarpenak egiten jarraituko dutela berresten du idatzian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!