Goazen 10.0 musikala eta argiteria publikoa berritzea, gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Udal gobernu taldeak asteroko bilera egingo du arratsaldean. Aurreko bilkuraren akta onartzeko lehen puntuaren ondoren adierazitako beste hiru gai eztabaidatuko dira.
Haur eta Gazteria batzordeak, Goazen 10.0 musikala kontratatzeko proposamena egin du. Ikuskizuna Gabonetarako ekarri asmo da Oñatira eta zenbat emanaldi, noiz eta non azalduko da, besteak beste, gaurko tokiko gobernu batzarrean.
Energia eraginkortasuna hobetzeko argiteria publikoa berritzeko proposamena ere aztergai izango da arratsaldeko bileran. Kale argiteriaren diagnostikoa egina dauka Udalak eta 600en bat luminaria LED teknologiara aldatuta kontsumoa %20 murriztu daitekeela aurreratu zuen Xabier Igartuak martxo hasieran eman zuen prentsaurrekoan. Horren haritik dator arratsaldean gobernu taldeari azalduko zaion gaia.
Udaleko langileen eta korporatiboen erantzukizun zibileko aseguru poliza kontratatzea eta esleipen prozesua abiaraztea ere proposatuko da gaurko bileran.
Hiru horiek dira gaurko lan zerrendan aipatzen diren gai konkretuak. Premiazko beste gairen bat ere aurkeztu daiteke eta aukera hori azken puntuan jaso da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!