Oñatiko udala

Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko udal dirulaguntzak eskatzeko epea ireki da gaur

2023/02/21
Card image cap
"Patata soziala" podcast-ak Udalaren dirulaguntza jaso zuen iaz
Eskaerak HAZ bulegoan egin daitezke, apirilaren 3ra arte

  Dirulaguntza hauetarako deialdia atzo argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta gaur ireki da eskaerak egiteko epea, apirilaren 3ra arte. Udal dirulaguntza hauen xedea da emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea lortzea helburu duten programak eta jarduerak sustatu eta garatzea. Programa eta jarduera horiek ezin dute irabazteko asmorik izan eta Oñatin garatu beharko dira, udalaren dirulaguntzaz babestu daitezen.

  Deialdi honen baitan jasotzen diren eskaerak baloratzeko irizpideak 2019an berritu ziren. Aurkeztutako proiektua testuinguruan jartzea, ekintzaren eragina eta balizko emaitzak neurtzea, proiektuaren kalitate teknikoa, elkartearen baliabide propioak eta boluntarioak jartzea, emakumeen partaidetza sustatzeko estrategiak diseinatu eta garatzea eta taldean edo sarean egiten diren proiektu eta prozesuak izatea baloratuko dira. Gehienez lortu daitezkeen 100 puntutik erdiak eskuratu beharko ditu proiektuak udal dirulaguntza eskuratzeko.

  Oñatin egoitza soziala duten pertsona juridikoek eskatu ditzakete gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko udalaren dirulaguntzak. 5.509 euroko partida bideratu da eta apirilaren 3ra arte eskatu daitezke laguntza hauek, HAZ bulegoan. Iaz eskaera bakarra jaso eta onartu zen. Patata soziala posdcast-a egiteko dirulaguntza eman zuen udalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!