Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko dirulaguntzen deialdia argitaratu da

Iaz doitu egin ziren dirulaguntza hauen oinarriak baina helburua bere horretan mantendu zen; gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko ekintzak babestea dute xede, edozein elkartek antolatzen dituelarik. Izan daiteke beraz, berdintasuna sustatzeko helburua duen elkarte batek antolatutako ekintza edota auzo-elkarte, kirol-elkarte edo nolanahikoak antolatutakoa, fokua, ekintzaren xedean jarri baita. Beraz, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea lortzea helburu duten programak eta jarduerak sustatu eta garatzea da dirulaguntza hauen xedea. Ekintza horiek ezin dute irabazteko asmorik izan eta Oñatin garatu beharko dira, udalak diruz babestu ditzan.
Dirulaguntza hauetarako deialdia gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta irekita dago jada eskaerak egiteko epea, maiatzaren 13ra arte. Deialdi honen baitan jasotzen diren eskaerak baloratzeko hainbat irizpide hartuko dira kontutan: aurkeztutako proiektua testuinguruan kokatzea, ekintzaren eragina eta balizko emaitzak, proiektuaren kalitate teknikoa, metodologia eta baliabideen antolaketa, emakumeen partaidetza sustatzeko estrategiak diseinatu eta garatzea eta taldean edo sarean egiten diren proiektu eta prozesuak izatea baloratuko dira.
Dirulaguntza hauetarako oinarriak berritzearekin batera, diru poltsa nabarmen jaso zen iaz eta aurten ere, 8.000 euroko partida izango da. Eskaerak maiatzaren 13ra arte bideratu daitezke, udaleko web atarian zintzilikatu den eskaera eredua beteta. Iaz ez zen eskaerarik jaso.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!