Oñatiko udala

Gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuen araudia onartu da

2024/05/28
Card image cap
Otsaileko Osoko Bilkuran aurkeztutako dokumentua behin betikoz onartu da

  Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, otsailean hasiera batean onartutako dokumentua, behin betikoz onetsi da, automatikoki. Aipatu araudiaren arabera etxebizitza babestuak egonaldi motz-ertaineko ostatu kolektiboa eskaintzen die gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonei. Baina babeslekua eskaini ez ezik, Udaleko gizarte zerbitzuko langileek arreta pertsonalizatuko plana osatuko dute erabiltzaile bakoitzarentzat, gizartetik guztiz baztertuta geratu ez dadin. Helburua, etxebizitza babestu hauen erabiltzaileak egoera normalizatu batera iristeko ibilbidea egitea baita, bizitza autonomoa izateko gaitasun pertsonalak, auto estimua, konfiantza pertsonala eta trebetasunak berreskuratu eta garatuz.

  Etxebizitza babestu hauen erabiltzaile izateko 18 urte edo gehiago izan behar da, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon behar da eskaera egin baino 6 hilabete lehenagotik gutxienez, eta Oñatin sustraitua egon behar da edota herrian familia loturak izan behar dira. Horrezaz gain, egonaldi motz edo ertaineko ostatuaren beharra izan eta gizarteratzeko ibilbidea egiteko prestutasuna erakutsi behar da. Hala, gizarteratzeko ibilbide soziolaborala edo okupazionala egiteko konpromisoa hartu behar du etxebizitzaren erabiltzaileak. Alde horretatik, Lanbiden izena eman beharko du eta enplegu zerbitzutik edota gizarte zerbitzuetatik eskaintzen zaizkion prestakuntza ikastaroetan parte hartu beharko du eta lan eskaintza guztiak onartu beharko ditu. Atzerritarra bada, legezko egoera erregularizatzeko dokumentazioa tramitatu beharko du eta gaztelera ikasteko edo laneratzeko aukerak handitzeko EPAra, helduen eskolara, edo Udal euskaltegira joan beharko du. Horiek, etxebizitza babestu hau erabili ahal izateko bete behar diren baldintzetako batzuk dira. Onartu berri den arautegiaren arabera, egonaldia, gehienez, hamabi hilabetekoa izango da, baina luzatu daiteke, erreferentziazko profesionalak hala baderitzo.

  Etxebizitza babestu hauen erabiltzaileak, kuota bat ordaindu beharko du. Kuota hori, daukan diru sarreren arabera kalkulatuko da, poltsikorako gutxieneko kopurua bat izango duela bermatuta. Baina ordaindu beharrekoa ez da alokairua izango, kuota bat baizik. Udalaren kontura izango dira etxebizitzaren argindar, mantentze eta bestelako gastu batzuk.
Orain behin betiko izaeraz onartu den araudi hau 2015ean onartu zena eguneratzen du. Berez, araudia orokorra da eta ez du etxebizitza konkreturik aipatzen baina Udalak Errekalden badu gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei babesa ematera zuzendutako etxebizitza bat.

  Gizarte zerbitzuen euskal sistemako prestazio eta zerbitzuen katalogoan, erakunde publikoen eskumenak zehazten dira. Udalen esku uzten dira adibidez, lehen mailako arretako gizarte zerbitzuak eta horien artean, gizartetik bazterturik geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako etxebizitza babestuak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!