Gizarteratze eta laneratze prozesutik datozen pertsonak kontratatzeko udal dirulaguntzak eska daitezke
Gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzen dituzten enpresei zuzendutako dirulaguntzei eusten die Udalak. Laguntza hauek Udala, Ulma Fundazioa eta Bidebarri zentroaren lankidetza hitzarmenaren baitan sortu ziren eta egun lankidetza hori eten bada ere, Udalak, dirulaguntzak emateari eusten dio, esan bezala.
Gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzeko dirulaguntza hauen eskatzaileak egoitza soziala eta jarduna Oñatin duten enpresei zuzenduta dago. Enpresaren langile kopurua ez da mugatzen, beraz, lantoki handi zein txikiek eskatu dezakete. Kontratatzen den langilea berriz, gizarteratze eta laneratze prozesuan edo prozesu hori amaitu berritan egon beharko da eta gutxienez 2 hilabeterako kontratua egin beharko zaio, lanaldi erdirako. Kontratatzen den pertsonak Oñatin erroldatuta egon behar du, kontratua egin baino 6 hilabete lehenagotik.
Enpresak jasoko duen dirulaguntza 3.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko eta sei hilabete edo luzeagoko lan kontratu bakoitzeko eta bi eta sei hilabete arteko aldi baterako kontratuak 1.500 eurorekin lagunduko dira. Laguntza hauek % 30 handituko dira baldin eta kontratatzen dena emakumea bada edo 55 urte edo gehiago dituen pertsona bada. Enpresa batek egindako kontratuengatik jaso dezaken dirulaguntza mugatua da eta gehienez, 5.000 euro jaso ahal izango du. Udalak, 9.000 euroko diru partida gorde du aurten laguntza hauetarako.
Dirulaguntza hauen helburua da Oñatin gizarte bazterkeria arriskuan edo desabantaila egoeran dauden eta lan merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei gizartean eta lan munduan txertatzen laguntzea. Dirulaguntza hauek azaroaren 29ra arte eskatu daitezke.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!