Gizarte zerbitzuen arloko elkarteei zuzendutako udal dirulaguntzak eskatu daitezke

Udalaren dirulaguntza jaso ahal izateko Oñatin nahiz eskualdean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko talde direla egiaztatu behar dute elkarteek. Eta Gipuzkoa mailan lan egiten dutenek, berriz, Oñatitik jasotzen dituzten zerbitzu eskaerei erantzuten dietela.
Dirulaguntza hauek gizarte zerbitzuen eremuari zuzendutako ekintzak burutzeko izango dira. Parte-hartzea, gizarte-boluntariotza edota herritarren arteko elkartasuna sustatu; gizarteratze-prozesuetan dauden pertsonei edo gizarte zerbitzuen laguntza behar duten pertsona eta taldeei lagundu edota gizarte zerbitzuen arloko jarduera espezifikoak egiten dituzten elkarteei zuzendutako dirulaguntzak dira. Hala, hitzaldiak, zabalkundeko kanpainak, formazio ikastaroak, aisialdi programak eta antzerako ekintzak burutzeko babes ekonomikoa emango da baina baita ere egitasmoei zuzenean lotutako administrazio eta kudeaketa gastuei aurre egiteko.
Gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei zuzendutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak indarrean den legedira egokitu zen 2022an, eta, besteak beste, eskaerak baloratzeko puntuazioa zehaztu zen. Dirulaguntza hauetarako 28 eskaera aurkeztu eta guztiak onartu ziren, iaz. Herriko lau elkarteren eskaerak babestu ziren, herrian lan egiten duten Gipuzkoa mailako beste batzuekin batera. TRAUTI, Parrokiako Espetxe pastoraltza, Pausoka edota Arantzazuko santutegia eta bertan garatzen den Elkarrekin Bila proiektua dira udalaren dirulaguntza iaz jaso zuten Oñatiko taldeak.
Gaur argitaratu da dirulaguntza hauen iragarkia eta eskaerak egiteko epea maiatzaren 8an amaituko da. Guztira, 24.768 euroko diru-poltsa gorde du udalak gizarte esparruan diharduten elkarteen artean banatzeko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!