Oñatiko udala

Giza kaskezur txiki bat aurkitu du Aloña Mendiko espeleologia taldeak inguruko kobazulo batean

2022/04/12
Card image cap
(Arg: AMET)
Ume batena dirudien buru-hezurra Brontze Aroko ehorzketa bati legokiokeela uste da

  Hainbat giza hezur aurkitu zituzten AMETeko kideek inguruko kobazulo batean, aurreko astean, taldeko blogean argitaratu dutenez. Arreta tamaina txikiko kaskezurrak eman zien, baina lekura gerora etorritako arkeologoek eskuko hezur txiki bat, bi zeramika puska eta animalienak edo liratekeen beste hainbat hezur aurkitu zituzten. Guztia, galeriaren erdian, lurrean, ikatz hondakin asko zeuden gunean. Horrek pentsaerazten du bertan, noizbait, sua egin zela. Baina dirudienez, topatutako giza hezurrak Brontze Aroan ehortzitako ume bati dagozkio. Orain dela 3.000 urte inguruan egindako ehorzketa litzateke Aloña Mendiko espeleologoek topatutako hori.

  Aurkikuntzaren berri adituak kobara sartu eta aipatu hezur eta zeramika zatiak jaso ondoren eman du AMETek. Izan ere, topatutakoa ondare arkeologikoa denez, haren babeserako protokoloa oso zehatza da. AMETekoek ez zuten ezer ukitu eta aurkikuntza ahalik eta txukunen dokumentatzen saiatu ziren, argazkiak, kokapena eta abar zehaztuz. Ondoren, informazio guztia Foru Aldundiko Kultura Ondarearen zerbitzuko arkeologoari bidali zioten eta honek berehala erantzun zuen, pasa den astebururako hitzordua eginez. Hala berriro sartu ziren kobara eta lurrazalean zegoena jaso zuten. Ez dirudi bestelako aztarnarik dagoenik baina adituek erabaki beharko dute indusketarik egin ala ez. Kontu egin behar da ondare arkeologikoa eta paleontologikoa ondare publikoak direla eta legez guztiz babestuta daudela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!