Oñatiko udala

Gipuzkoako garraio publiko zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesuak egingo ditu Aldundiak Oñatin eta beste 56 herritan.

2013/07/04
Dauden gabeziak aztertu eta herritarren beharrak ezagutu nahi dira.

  Aldundiarentzat oso garrantzitsua da garraio publikoan inbertitzea, eta egun zerbitzua eskasena duten eskualde eta herrietara bideratuko du indarra. 2013-2014 urteetan Gipuzkoako hego-mendebaldeko emakida administratiboak berritu behar ditu Diputazioak. Debagoienekoa horien artean. Orain arte halakoak, teknikarien eta politikoen irizpideen arabera berritu izan badira ere orain, herritarren behar eta nahiak jasota egin asmo da. Herritarren nahierara egindako garraio zerbitzuak izatea lortu nahi da.

  Herritarren iritzi hori jasotzeko parte hartze prozesuak egingo dira Gipuzkoako 57 herritan, Oñatin eta Debagoieneko beste 7 udalerrietan ere bai. Guztietan eskualde barneko garraioaz, eskualde arteko loturaz, eta eskualdea hiriburuekin lotzen dituzten zerbitzuei buruz hitz egingo da.

  Herritarrei begirako prozesua iraila-urria inguruan hasiko da. Lehen fasean, herritarren ekarpenak jasoko dira eta horiekin, aurreproiektua idatziko da 2014ko otsailerako. Horren ondotik etorriko da parte hartze prozesuko bigarren fasea: egindako ekarpenak zuzen jaso diren ikusi eta beharra izanez gero ekarpen gehiago jasoz.  Behin betiko proiektua 2014ko ekainean egongo litzateke, eta  2014ko urte amaierarako zerbitzu berriak martxan jarriko lirateke.

  Herritarren iritziak jasotzeko hiru bide jorratuko dira: bilera irekiak antolatuko dira, on line aukera jarriko da eta “autobus egunak” ere egingo dira, erabiltzaileekin interakzio zuzena bilatuz. Izan ere, prozesua, egungo erabiltzaileei zuzenduta dago baina baita erabiltzaile izan daitezkeen horiei ere. Egungo zerbitzuak dituen gabeziak tarteko beste garraio bide batzuk hartu beharrean aurkitzen direnak baina ahal izango balute garraio publikoa erabiliko luketenak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!