Oñatiko udala

GI-2630 errepidean, Munazategi inguruan, eratuko den errotondaren proiektua eta honek ukituko dituen lursailen zerrenda ikusgai daude udaletxean

2020/10/30
Card image cap
Proiektuak ukitzen dituen 9 lursailetatik 8 desjabetzea aurreikusten da

  Ulma taldearen enkarguz LKS ingenieria kooperatibak egin zuen proiektua printzipioz ontzat eman du Foru Aldundiak eta inguruko bide segurtasuna hobetzeko gauzatzea komeni dela ikusi du. Ondorioz, obrak egiteko hartu behar diren lursailen zerrenda osatu du eta hilabeteko epean ikusgai jarriko du, halakoetan jarraitu behar den tramitazioari hasiera emanez.

  Munazategi II-12 hirigintza eremuan biribilgunea egin ahal izateko jabe ezberdinenak diren bederatzi lursail ukituko dira, bakoitzaren afekzio maila desberdina izango delarik. Guztira 8 lursail desjabetzea aurreikusten da, 2.074 metro karratu hartuz, eta beste lau lursail edo 234 metro karratu aldi baterako hartuko dira. Halakoetan egin ohi denez, ukituko diren terreno guztien zerrenda osatu da, jabea, afekzio maila jakin bat izango duten lursailaren neurriak nahiz mugak zehaztuta. Dokumentua udaletxean Hirigintza departamentuan ez ezik Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuaren Donostiako bulegoan ere ikusgai dago, hilabeteko epean.

  Udalak eta Ulma taldeak maiatzean izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, GI-2630 errepidean, Munazategirako sarbide biribilgunea egingo da. 42 metroko kanpo-diametroa izango du, 6 metroko zabalerako errei bakarra eta metro beteko bazterbidearekin. Biribilgunea Ulma enpresako egungo sarbidearen parean egitea aurreikusten da, Argiñena baserriaren hego-ekialdean. Duruaran errekaren gainean dagoen eremua aprobetxatuko da baina biribilgunearen eraztuna osorik garatzeko beharrezkoa da errekaren gainean beste pasabide bat egitea. Obrak, esan bezala, jabari publiko nahiz titularitate pribatuko hainbat lur okupatzea aurreikusten du.

  Munazategi inguruko biribilgune berriak Oñati eta Zubillaga arteko trafiko arazoa arinduko du hein handi batean, Garibaiko auzotarrek GI-2630 errepiderako sarbide seguruagoa izango baitute eta ibilgailuen gehiegizko abiadura motelaraziko duen elementua izango delako.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!