Gernikako arbolaren kimua Oñatin landatu zeneko mendeurrena oinarri, argazki erakusketa antolatu du Artixa elkarteak
Otsailaren 2an beteko dira 100 urte Gernikako arbola deritzona plaza ondoan landatu zela. Mendeurren hori gogora ekarri asmoz ekin zion iazko martxoan Artixa elkarteak astelehenean irekiko den erakusketa prestatzeari. Sorpresarako, argazki bakarra topatu dute 1917ko otsailaren 2ko landaketa hartaz baina bestelako gai eta gertakariren berri ematen duten beste 350en bat argazki bildu dituzte erakusketarako. Argazkiak gaika bildu dira eta Oñati bisitatu zuten agintari eta pertsona esanguratsuak, Eusko Ikaskuntzaren kongresua, Korpusti eta ospakizun erlijiosoak edota hirigintza ikuspegitik herrian izan diren aldaketak jaso dira, besteak beste. Erakusketak, garai bateko Oñati eta oñatiarren egunerokoa nolakoa zen irudikatzeko mostra izan litekeela esan du antolatzaileetako batek gaur goizean egin duten aurkezpenean.
Erakusketarako bildu diren argazkietako asko Udal Artxiboan gordetzen direnen kopia dira baina tartean badira, Kutxa Fondokoak eta Diputazioko Fondokoak ere bai. Argazkilariei dagokienean berriz, Ojanguren, Marin eta herriko argazkilarienak ere batu dituzte: Plazaola, Arzuaga, Arlanzon edota Juan Zubia funtsakoak. Gaika banatutako 50-54 paneletan 350 argazki ingurua jarriko dira ikusgai urtarrilaren 30ean. Irudiei laguntzeko hainbat argibide ere jarriko dira.
Erakusketako argazkirik zaharrena Aloñako gurutzearen inauguraziokoa da, 1901ekoa. Berriena berriz, 1953ko munduko ziklo kros txapelketakoa. Irudietan ikusiko diren pertsona esanguratsuen artean, Franco, Primo de Rivera, Alfonso XIIIa edota gerora Juan Carlos I erregea izango zen nerabea ikusiko ditugu. Egun desagertuta dauden eraikin askoren argazkiak ere bildu ditu Artixa taldeak. Horretan sakondu asmoz, DBH eta batxilergoko ikasleei zuzenduta bisita gidatuak egin asmo dituzte, garai bateko Oñati eta gaur egungoa alderatuz. Halako bisitak egiteko aukera eskaini diete herriko ikastetxeei.
XX. mendeko Oñatiko argazkien erakusketa hau datorren astelehenean, urtarrilaren 30ean irekiko da. Inaugurazio ekitaldian Jerardo Elortzak argibide batzuk emango ditu eta musikarako tartea ere izango da, bertaratzen diren guztiei Gernikako arbola eta Aloña mendi aldamenian abestiak elkarrekin kantatzeko gonbidapena egingo baitzaie. Aipatu erakusketa otsailaren 12ra arte ikusgai egongo da kultur etxean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!