Oñatiko udala

GEOGRAMA enpresari esleitu zaizkio landa lursailen mugaketa lanak

2023/10/20
Card image cap
Katastroko lehen hiru poligonoetako partzelen mugak jasoko dira

  Udalerriko landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasotzeko lana luzea izango da. Lana, faseka egitea aurreikusten da eta 8 urteren buruan osatzea da helburua. Oñatiko landa katastroa 27 poligonotan banatuta dago eta lehen hiru poligonotako partzelen mugaketa egiteko zerbitzua esleitu berri da; Elorregi parean hasi eta Zubillagatik Larraña auzoko muga ingururaino iristen dira katastroko lehen, bigarren eta hirugarren poligonoetako partzelak. GEOGRAMA SL enpresak egingo ditu.

  Herriko landa lurren muga eta kokalekuak GPS bidez geo-erreferentziatuta jasotzea da lanaren helburua eta bide batez, Gipuzkoako Foru Aldundiko katastro zerbitzuko informazioa zuzendu eta eguneratu. Lan nekeza eta luzea izango da, Oñatiren hedadura handia kontutan hartuta.

  Geograma enpresako teknikoek lursailak ez ezik jabeak ere identifikatu beharko dituzte, askotan, herentzian jasotako ondasunen titularitatea ez dagoelako eguneratuta. Gero, jabeekin elkarlanean lursailen mugak zehaztu eta digitalizatuko dira. Katastroko lehen hiru poligonotako partzelen mugak jasoko dira orain eta urtez urte lana osatuz joango da, udalerriko landa-lursail guztiak, 27 poligonoetako partzelak guztiz digitalizatu arte.

  Oñatiko Udaleko landa lursailen mugaketa eta digitalizazio zerbitzua egiteko esleipen prozesura enpresa bakarra aurkeztu zen: Geograma SL. Bere proposamenak udalak jarritako oinarri eta baldintza guztiak betetzen zituela egiaztatuta ontzat eman zuen Kontratazio Mahaiak. Hainbat dokumentu osagarri eta behin betiko fidantza ordaintzea eskatu zitzaion eta tramitea betetan, astean sinatu da zerbitzu kontratua. Geograma enpresak udalak zehaztutako prezioa ia 23.000 eurotan merkatu du eta 116.000 eurotan egingo du lana,12 hilabetetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!