Oñatiko udala

Geograma enpresak jarraituko dut landa lursailen mugaketa lana egiten

2025/01/20
Card image cap
Iaz egin zen mugatze eta digitalizazio txostenetako bat
Katastroko 4. eta 5. poligonoetako lur-jabeekin batzar informatiboak egingo dira datorren astean

  Udalerriko landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasotzen dihardu Udalak. Oñatiko landa katastroa 28 poligonotan banatuta dago eta lehen hiru poligonotako partzelen mugaketa egin ostean, 4. eta 5. poligonoei dagozkionak egingo dira aurten. Lan horien zerbitzua Geograma enpresari esleitu zaio, aurrekoan lana egin zuen enpresa berberari, eta Udalak deitu zuen prozesura aurkeztu zen bakarrari.

  Larraña eta Olabarrieta auzoko zati bat hartzen dute katastroko laugarren eta bosgarren poligonoetako partzelek, 734 hektarea, gutxi gora behera. 178 titularren izenpean dauden 868 bat partzelen mugak errebisatuko dira. Horretarako, jabeen laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa da, dituzten lursailen mugak eta mugarriak identifikatu eta mugakideekin adostu beharko direlako. Katastroa eguneratu egingo da eta beharrezkoa den kasuetan, zuzendu ere egingo da.

  Jabeen partaidetza borondatezkoa da, ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo baina mugarriak aurkitu eta mugak garbitzea eskatuko zaie, dagokien jasotze topografikoa egin ahal izateko. Proiektua azaltzeko bilerak antolatu dira datorren asterako, urtarrilaren 28 eta 29rako. Egunero bina bilera egingo dira Santa Ana aretoan, 11:00etan eta 17:30etan. Astearteko bileretara 100nen lurjabe gonbidatu dira eta asteazkenekoetara, gainontzeko 78ak. Honen berri ematen duten gutunak bidali zaizkie katastroko laugarren eta bosgarren poligonoetako lursailen titularrei.

  Informazioa emateaz gain, lursail bakoitzari dagokion karpeta banatuko zaie lurjabe titularrei datorren asteko bileretan. Joaterik ez dutenek dokumentazio-liburuxka udaletxean jaso beharko dute hurrengo egunetik aurrera. Azalpenak jasotzeko Geograma enpresarekin harremanetan jarri ahal izango dute, gutunean zehazten den telefono zenbakira deituta. Izan ere, Geograma enpresa kontratatu baitu Udalak landa-lursailen mugaketa lanarekin jarraitzeko, lehen hiru poligonoetan mugak zehaztu eta digitalizatzeko lana enpresa arabarrak egin baitzuen iaz. 12 hilabeteko epea izango du lana burutzeko, ia 94.000 euroko aurrekontuarekin. Foru Aldundiaren dirulaguntza izango du Udalak lan hauek egiteko.

  Udalerriko landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasotzeko lana luzea izango da, hainbat urtetan egingo dena, terrenoa zabala delako eta faseka egiten ari direlako. Iaz lehen hiru poligonoetako partzelen mugaketa egin zen eta aurten hurrengo biak egitea aurreikusten da. Guztira, Oñatiko landa katastroa 28 poligonotan banatuta dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!