Gelatik plazara, Gipuzkoako eskolartekoa eta Erniarraitz sariketa, Oñatiko bertsolarien hurrengo hitzorduak
Txinparta bertso eskolako partaideak lehiaketa eta sariketa ezberdinetan murgilduko dira bihartik aurrera. 14 urtera arteko 20ren bat bertsolarik Gelatik plazara bat-bateko eta taldekako lehiaketan parte hartuko dute. Oñatiko partaidetza handiak herrian lehen kanporaketa bat egitea eragin du eta hori Gaztelekuko kuboan izango da bihar, 18:00etan hasita. Bertan sailkatzen den taldeak, Arrasaten izango du hurrengo hitzordua, martxoaren 15ean. Debagoienan bezala, eskualdekako beste kanporaketa batzuk egingo dira eta finala Aretxabaletan ospatuko den Bertso Eskolen Egunaren baitan egingo da, apirilaren 28an.
Aldi berean, eta 14 eta 18 urte arteko bertsolari gazteei zuzenduta, Gipuzkoako eskolartekoa jokatuko da, bihar hasita. 22 partaide izango dira, tartean Lide Arregi oñatiarra. Oiartzunen martxoaren 22an jokatuko den laugarren eta azken kanporaketan kantatuko du.
Bihar abiatuko da baita ere Erniarraitz bertso sariketa, Aitor Tatiegiren partaidetzarekin. Azkoitian Martirietako elkartean eta Zestoan Lau iturri elkartean egingo dira txapelketako bi kanporaketak, afari banaren bueltan, bihar eta martxoaren 15ean, hurrenez hurren. Finala, berriz, martxoaren 22an jokatuko da, Azpeitian Sanagustin Kulturgunean.
Bi urtetik behin jokatzen da Erniarraitz sariketa eta aurtengoa hamabigarrena izango da, hamabi bertsolari gazteren partaidetzarekin. Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatzen duen sariketaren aurtengo berrikuntza da bertso-afari giroan jokatuko dela. Bihar, hitzordua, Azkoitiko Martirietako elkartean izango da, iluntzeko 20:00etan eta bertan kantatuko du Aitor Tatiegi oñatiarrak. Seikotea osatuko dute, Naia Arrizabalagak, Maddi Agirrek, Andoni Rekondok, Garazi Navarrok eta Maite Sarasolak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!