Gaztelekuko kudeaketa zerbitzua kontratatzeko prozedura abian du Udalak
Zehar Heziketa eta Programak elkartea arduratu da azken lau urteotan Gaztelekuko zerbitzu ezberdinen kudeaketaz. 2019an sinatu zen kontratuan ekainean bete zen eta esleipen berri bat jarri da martxan.
Lizitaziora aurkezten diren enpresek lau hezitzaile jarri beharko dituzte, gutxienez, eta urriaren 1etik apirilaren 30era arteko ostiraletan errefortzuko hezitzaile bat gehiago. Beste bi hezitzaile ere beharko dira, txandaka, eguneroko hezitzaileen atsedena bermatu ahal izateko. Hezitzaileek ez dute zertan Gazteleku barruko gune jakin bati erabateko lotura izan, nahiz eta komenigarritzat jotzen den, ikasturteka, erreferentziazko hezitzaileek tokitik ez aldatzea. Hezitzaileez gain, udalarekin harremanetan egongo den koordinatzaile teknikoa ere izendatu beharko du enpresak.
Gaztelekuko hainbat zerbitzu kontratatzeko lizitazio deialdian zehazten denez, koordinatzaile tekniko lanak egingo duenak, Gizarte arloko diplomatura edo gradua izan beharko du. Euskararen ezagutzari dagokionean, langileek C1 gaitasun maila izan beharko dute. Izan ere, udalarekiko nahiz erabiltzaileekiko harremanetan euskara lehenetsiko baita. Baldintzetan, egun Gaztelekuan ari diren langileen subrogazioa jasotzen da, esleipena lortzen duen enpresak, indarrean dagoen araudia eta lan-hitzarmen kolektiboa bete beharko duela zehaztuz.
Lizitazio baldintzetan, zerbitzuak bete beharreko ordutegi eta egutegia ere zehazten da. Eta zerbitzu gune ezberdinak asteartetik igandera arratsaldez ireki beharko direla azaltzen du. Zuzeneko arreta ordutegitik kanpo ere, Gaztelekuko eraikina asteartetik ostiralera goizeko 10:00etatik 13:00era ere zabalduko da Maratz, lan orientazio zerbitzua eskaintzeko. Azken urtean aparteko zerbitzu moduan kontratatu den Inklusio zerbitzua ere Gaztelekuko kudeaketa zerbitzu kontratu berrian jaso da eta honek ez du ordutegi zehatzik eta beharren arabera antolatuko da. Inklusio zerbitzuaren zeregin nagusienetakoa da balizko bazterketa egoera edo arriskuan dauden haur eta nerabeak identifikatu, jarraipena egin eta beharraren arabera lagungarri gerta daitezken beste zerbitzu batzuetara deribatzea. Baita prebentzio dinamikak sortu eta garatzea.
Gaztelekuan haur, nerabe eta familiei zuzentzen zaizkien zerbitzu eta espazioen kudeaketa zuzenaz gain, enpresa esleipendunak gainontzeko herritarrekin harremanak ere bideratu beharko ditu, Gaztelekuak eskaintzen dituen ekipazio eta materialen erabilera beste eragile batzuei ahalbidetzeko.
Gaztelekuko kudeaketa kontraturako gehienezko lizitazio prezioa, urtean, 321.906 eurotan mugatu du Udalak. Horrek esanahi du, enpresek, horren pareko edo merkeagoa den proposamena aurkeztu beharko dutela. Baina eskaintza ekonomikoa ez da zerbitzua esleipenean guztiz erabakigarria izango; 100 puntutik 44 eskuratzeko bidea emango du eta eskaintzaren txosten teknikoak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak beste 56 puntu lortzeko aukera emango du. Atal honetan, proiektuaren helburu eta oinarritze teorikoak, lan metodologia, herriaren errealitatera egokitutako proposamena eta bestelako hobekuntza proposamenak landu beharko ditu lizitaziora aurkezten den enpresak.
Urtebeterako kontratatu sinatu nahi du Udalak, urtez urte, beste hiru urtez luzatu daitekeelarik. Lizitaziora aurkezteko interesa dutenek urriaren 13ra arteko epea dute proposamenak presentatzeko.
Iturria:Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!