Gaztelekuko gestio zerbitzua kontratatzeko prozedura abiatu du Udalak

Zehar Heziketa eta Programak elkartearekin 2023an sinatu zen bi urteko kudeaketa zerbitzu-kontratua indarrean dago, abenduan beteko da. Baina enpresak jada adierazi du ez duela luzatu nahi, baldin eta prezioak eguneratzen ez badira. Izan ere, Gipuzkoako esku-hartze sozialerako hitzarmen kolektiboak %12 inguruko igoera izan baitu azken hiru urteetan. Ondorioz, Gaztelekuko gestio zerbitzua berriro lizitaziora ateratzea erabaki da eta horretarako prozedura abian da jada.
Lizitaziora aurkezten diren enpresek lau hezitzaile jarri beharko dituzte, gutxienez, eta urriaren 1etik apirilaren 30era arteko ostiraletan errefortzuko hezitzaile bat gehiago. Gainera, beste bi hezitzaile beharko dira, txandaka, eguneroko hezitzaileen atsedena bermatu ahal izateko. Hezitzaileek ez dute zertan Gazteleku barruko gune jakin bati erabateko lotura izan, nahiz eta komenigarritzat jotzen den, ikasturteka, erreferentziazko hezitzaileek tokitik ez aldatzea. Hezitzaileez gain, udalarekin harremanetan egongo den koordinatzaile teknikoa ere izendatu beharko du enpresak. Formakuntza akademikoari dagokionean, koordinatzaile tekniko honek gizarte arloko diplomatura edo gradua izan beharko du. Gainontzeko langileek ere gizarte arloko diplomatura edo gradua, gizarte integrazio goi mailako teknikaria edota animazio soziokulturalean goi maila izatea eskatzen da. Gaztelekuan kontzertu eta bestelako ikuskizunak programatzen direla kontutan hartuta, enpresak halakoak ikuskatzeko beharrezko titulazio eta dokumentu homologatuak dituzten bi langile izan beharko ditu, gutxienez. Euskararen ezagutzari dagokionean, berriz, langile guztiek C1 gaitasun maila izan beharko dutela zehaztu da lizitazio oinarrietan.
Gaztelekuan bereizten diren zerbitzu gune ezberdinek bete beharreko ordutegi eta egutegia zehazten da lizitazio oinarrietan eta Sotoa, Kuboa eta Topagunea asteartetik igandera arratsaldez ireki beharko direla azaltzen du. Zuzeneko arreta ordutegitik kanpo ere, Gaztelekuko eraikina asteartetik ostiralera goizeko 10:00etatik 13:00era ere zabalduko da Informazio puntua eta Maratz, lan orientazio zerbitzua eskaintzeko. Azken urteotan Gaztelekuan integratu den Inklusio zerbitzua kontratu berean sartu da, ordutegi zehatzik ez eta beharren arabera antolatuko dela aipatzen den arren. Gaztelekuan haur, nerabe eta familiei zuzentzen zaizkien zerbitzu eta espazioen kudeaketa zuzenaz gain, enpresa esleipendunak gainontzeko herritarrekin harremanak ere bideratu beharko ditu, Gaztelekuak eskaintzen dituen ekipazio eta materialen erabilera beste eragile batzuei ahalbidetzeko.
Gaztelekuko kudeaketa kontraturako gehienezko lizitazio prezioa, urtean, 368.400 eurotan mugatu du Udalak; enpresek horren pareko edo merkeagoa den proposamena aurkeztu beharko dute. Baina eskaintza ekonomikoa ez da zerbitzua esleipenean guztiz erabakigarria izango; 100 puntutik 44 eskuratzeko bidea emango du eta eskaintzaren txosten teknikoak eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak beste 56 puntu lortzeko aukera emango du. Atal honetan, proiektuaren helburu eta oinarritze teorikoak, lan metodologia, herriaren errealitatera egokitutako proposamena eta bestelako hobekuntza proposamenak landu beharko ditu lizitaziora aurkezten den enpresak. Bi urtetarako kontratatu sinatu nahi du Udalak, beste urte batez luzatu daitekeelarik. Lizitaziora aurkezteko interesa dutenek apirilaren 28ra arteko epea dute proposamenak presentatzeko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!