Oñatiko udala

Gazteen sormen lanetarako udal dirulaguntzak eskatzeko epe berria zabaldu da, azaroaren 13ra arte

2024/10/18
Card image cap
Udalaren dirulaguntza jaso du Malko taldeak, urteko lehen deialdian
Udaberriko deialdian eman gabe geratu ziren 13.400 euroak banatzea da deialdi honen xedea

  Haur eta Gaztedia udal departamentuak urtero ematen dituen dirulaguntza hauek, Oñatiko gazteek eta gazte-talde edo elkarteek sustatzen dituzten kultur jardueretara zuzentzen dira. Orokorrean diruz laguntzen diren jarduera eta kontzeptuak oso zabalak dira, baina bigarren deialdi honetan kultur sormen eta hedapen proiektuak babesten dira.

  Dirulaguntza hauek jasotzeko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: erakunde, talde, edo norbanako eskatzailea oñatiarra eta 12 eta 30 urte artekoa izan behar da, eta taldeen kasuan, kideen erdiak, gutxienez. Baldintzak beteta dirulaguntza jaso ahal izateko idazki ofiziala aurkeztu behar da. Informazioa Gaztelekuan emango da baina dirulaguntza eskaerak udaletxeko HAZ bulegoan aurkeztu behar dira. Idazkirako eredua udal web ataritik deskargatu daiteke.

  Udaberrian zabaldu zen aurreko deialdian eskaera bakarra jaso zen eta diruz babestea erabaki zen. Malko taldeak Esan ez direnak diskoa grabatzeko dirulaguntza eskatu eta eskuratu zuen, 1.600 euro. Baina 2024ko diru poltsa agortu ez denez, bigarren deialdi zabaldu berri da, azaroaren 13ra arte, eta 13.400 euro izango dira oraingoan banatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!