Oñatiko udala

Gazteen emantzipaziorako udal dirulaguntzak eskatu daitezke jada

2024/02/13
Card image cap
65.000 euroko diru-poltsa gorde da etxea alokairuan duten gazteen karga arintzeko

  Ez da aldaketa nabarmenik egin gazteek etxebizitza alokatzeko udal dirulaguntzen oinarrietan. Eguneratze bakarra, eskaerak bideratzeko epe muga da, urriaren 11ra arte eskatu daitezke laguntzak.

  18 eta 35 urte bitarteko gazteek eskatu ditzakete emantzipaziorako dirulaguntzak. Onuradunek, gutxienez, 12 hilabeteko alokairu kontratua izan behar dute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko dirulaguntza emango da, muga 250 euro hilean izaki. Eskatzailea, edo bizikidetza unitateko kide bat gutxienez, Oñatin erroldatuta egon beharko du azken urtean, edo aurrez, gutxienez 10 urtetan. Alokairu etxebizitzei dagokienean, Oñatin egon behar dira eta bizigarritasun baimen izan behar dute.

  Eskatzailearen gehienezko diru-sarrerak mugatuak daude, 28.000 euro urtean gehi aurrezkiaren oinarri ezargarria/likidagarria. Eta, era berean, alokatutako etxebizitzaren errenta prezioa ere mugatuta dago, hilean 550 eurotik gorakoak kanpo geratzen direlarik. Beste horrenbeste egiten da sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak badira, Bizigune programaren barruan, etxebizitza gisa erabilitako lokalak alokatzen badira. Errenta banku-transferentzia bidez ordaintzea ere jaso zen oinarrietan, iaz.

  Dirulaguntzak bi zatitan ordaintzen dira. Lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren gauzatuko da, eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da, eta bigarren ordainketa, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da. Eskaerak udalaren web ataritik deskargatu daitekeen eskaera orria beteta erregistro elektronikotik aurkeztu daiteke edo udal bulegoetan, aurrez aurre. Eskaerak egiteko epea urriaren 11n itxiko da. Aurten 65.000 euro gorde dira gazteen emantzipaziorako udal dirulaguntza hauetarako.

  Eusko Jaurlaritzak ere ematen ditu alokairuan bizi diren gazteei zuzendutako dirulaguntzak, Gaztelagun izenekoak. Kasu honetan, gazteen urteko diru-sarrerak udalak jarritako mugaren azpitik daude, 24.000 euro arte. Horregatik, baldintza hori betetzen duten Oñatiko eskatzaileen espedienteak Jaurlaritzara bideratzen dira.

  2015ean hasi ziren gazteen emantzipaziorako diru laguntzak ematen. Helburua bikoitza da: gazteei gurasoen etxebizitza utzi eta beren kabuz bizitzeko bidean laguntzea eta herrian, alokairuzko etxebizitzen merkatua sustatzea. 37 gazteren eskaerak onartu ziren iaz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!