Oñatiko udala

Gazteen emantzipaziorako 33 dirulaguntza eskaera onartu zituen Udalak iaz

2025/02/11
Card image cap
35.000 euro baino gehiago banatu ziren

  2015ean hasi zen Udala gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak ematen. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairuan duten etxebizitzaren ordainketan laguntzea da helburua. Irakurketa oso positiboa egin dute udaleko Haur eta Gazteria departamentuko arduradunek iazko kanpainan jasotako datuen berri ematerakoan, gazteen eskaera bati erantzuten ari direla eta hauen ongizatean zuzenean eragiten ari direnaren ustean.

  35.000 euro baino gehiago banatu ziren iaz. Eskaera kopurua egonkortuta dagoela dio Haur eta Gazteria teknikariak; 33 onartu ziren, aurreko urtean baino 4 gutxiago, baina beste 11 Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programara bideratu ziren. Izan ere, diru sarreren arabera horiek eskatzera behartuta baitaude Oñatiko gazteak. Hala, eskatzailearen egoera ekonomikoaren arabera batera edo bestera bideratzen da. Baina orokorrean, Gaztelagun programa eta Oñatiko dirulaguntzen artean etxebizitza emantzipazioa lortu duten herriko gazteen kopurua oso altua dela azpimarratu da Udaletik. 

  Eskatzaileen profilari erreparatuta, laguntzak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dauden arren, eskatzaileen adina gorantz doanaren irudipena du Gazteria teknikariak, datu zehatz hori bereziki atera ez bazen ere. Bestalde, emakume eskatzaileen gehiago zirela errepikatzen aritu gara, urteetan, baina iaz kontrakoa gertatu zen eta udalera iritsi eta Gaztelagun edo udaleko dirulaguntzetatik bideratu ziren 44 eskaeretatik 18 emakumeenak izan ziren, 26 gizonezkoenak. Urtebete lehenago udalak onartu zituen 37 eskaeretatik 22 emakumeenak izan ziren. Alde horretatik, ikusteke dago 2024koa aldaketa puntuala izan den ala sendotuz joango den joera aldaketa bat.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!