Oñatiko udala

Gazteen aisialdirako lokalak legeztatzeko lehen eskaera aztertuko da arratsaldeko Gobernu Batzarrean

2017/11/23
Card image cap
Abenduaren 31an amaitzen da lokal jabeei jarritako epea baina lehen eskaera orain jaso da

  San Lorentzo auzoan elkarren ondoan eta jabe berarenak diren bi lokal legeztatzeko eskaera da arratsaldean aztertuko dena. Egun martxan, erabiltzen ari diren gazteen aisialdirako lokalak legeztatzeko epea urtearekin amaituko dela gogoraraziz oharrak bidali zitzaizkien erroldatuta zeuden lokal jabeei, urrian. Udaleko Hirigintza departamentuak bideratu zituen jakinerazpen horiek, lokalek zehaztuta dauden segurtasun eta osasun baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko txostenak udal departamentu honetan aurkeztu behar baitira. 5 aste eta erdi besterik ez dira falta abenduaren 31rako eta udaletxean jaso den lehen eskaera eta dokumentazioa gaur aztertuko da.

  Ongizate zerbitzuetatik, esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egiteko zerbitzua lizitaziora ateratzeko baldintza tekniko eta administratiboak proposatuko dira arratsaldeko bileran. Adikzioak prebenitzeko udal-plana zertan den azalduko da eta 80 urtetik gorako pertsonak bizi diren etxe partikularretan  su detektagailuak jartzeko kanpainaren baitan izan diren eskaerak aztertuko dira, besteak beste.

  Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izango da. Herriko ikastetxe eta udal ordezkariek osatzen duten euskara eta euskal kultura sustatzeko mahaiak egitarau berezia antolatu ohi du egun seinalatu horretarako. Aurten domekarekin ospatuko denez, ekintzak aurreratu eta ostegun eta ostiralean, azaroaren 30 eta abenduaren 1ean egingo dira. Afari tertulia antolatu da lehen egunerako eta maila ezberdinetako ikasleentzat eta familientzat ekintzak, bigarrenerako. Antzerki-solasaldia, jolasak, dantzak eta kantu jira izango dira. Egitarau zehatza gaur azalduko zaie udal gobernu taldeko ordezkariei.

  Lan zerrenda luzea prestatu da gaurko, 60 gai jaso dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!