Oñatiko udala

Gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantzan hainbat aldaketa egin ziren azken Osoko Bilkuran

2015/11/30
Card image cap
Aldaketa esanguratsuak izaki, ordenantza indarrean sartu aurretiko tramitazioa osorik beteko da berriro

  Gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantza, hasiera bateko izaeraz, iraileko Osoko Bilkuran onartu zen. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, zenbait iradokizun eta kontsulta jaso ziren eta Udal Departamentu ezberdinetan hainbat zehaztapen egitea komeni zela ikusi zen. Osteguneko Osoko Bilkurara aldaketa proposamen batzuk eraman zen.

  Hasierako ordenantzan, lokal jabeek erantzukizun zibileko asegurua egin behar zutela jaso zen. Baina onartutako aldaketaren ondotik, asegurua egin ez ezik, urtero berritu denaren ordainagiria aurkeztu beharko dute Udaletxean. Hori egin ezean, jarduera baimena eten egingo da. Ondorioz, kasu hori, jarduera debekatu edo eteteko arrazoien artean jaso da dokumentu berrituan. Zehaztu egin da baita ere gazteen aisialdirako erabili daitezkeen lokalen kokapena.  Jatorrizko testuan, erabilera horretatik kanpo uzten ziren, besteak beste, Kale Zaharreko oinezko gunean dauden lokalak. Idazketa berrian gehiago zehaztu da eta Kale Zaharreko 1etik 29ra eta 2tik 46era eta  Kale Zaharra eta Lizaur Kalea 6 zenbakiko fatxada barne hartzen duen eraikineko lokalak ezin izango dira gazte lokal gisa erabili. Lokalen arteko distantzian ere zehaztapena egin da, eta aisiarako bi lokalen arteko distantzia, gutxienik, 20 metrokoa izango da, lokaletik lokalera eta ez jatorrizko dokumentuan jaso zenez atetik atera.

  Irailean hasiera bateko izaeraz onartu zen ordenantzan bestalde, zaraten inguruko dekretua aipatzen zen baina azken Osoko Bilkuran onartutako aldaketaren arabera, dekretuak dioena hitzez-hitz jaso da ordenantza berrituan. Era berean, debeku berri bat ere jaso da, alegia, gazte lokaletan ezin izango dela butano bonbonak edo antzerakorik erabili.

  Jatorrizko testuarekiko onartu diren aldaketak esanguratsuak direnez, gazteen aisialdirako lokalak arautzeko ordenantza berritua indarrean sartu aurretiko tramitazioa osorik beteko da berriro. Ostegunean, aldaketa guztiak jasotzen dituen ordenantza hasiera bateko izaeraz onartu zen eta Gipuzkoako Aldizakari Ofizialean argitaratuko da, iradokizunetarako 30 eguneko epe berria irekiz. Gero, Plenora eramango da berriro behin betiko izaeraz onartu dezan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!