Oñatiko udala

Gazteei hitza emanez hasi da Lege Soziologia Institutuko mintegi denboraldia, gaur

2024/04/11
Card image cap
(Arg: @IISJOnati)
Haurren eskubideak eta ingurune osasungarri baten eskubidea da mintegiaren gaia

  Gazteak protagonista dira Lege Soziologia Institutuan gaur hasi den mintegian; eztabaidagaia haurren eskubideak dira eta hitza ere hainbat gaztek hartu dute goizeko saioan. Haurren eskubideak eta ingurune osasungarri baten eskubidea da bihar arte luzatuko den mintegiaren gaia eta honen inguruan, hain zuzen ere, Enya Forum nazioarteko topaketa antolatu zuen Arartekoak 2022an. Arartekoaren bulegoko Zuria Arzua izan zen koordinatzailea eta bertan parte hartu zuten bi gazterekin batera Oñatira etorri da, esperientziaren inguruko azalpenak ematera.

  Gaur hasi den mintegian, bestalde, Irlanda, Erresuma Batua, Espainia, Barbados, Kanada, Hego Afrika eta AEBetako ikertzaile eta adituak bildu dira. Mintegian zehar argitzen saiatuko diren galderetako batzuk dira, besteak beste, ingurumen osasungarri bat izateko eskubidea zer den, zer esan nahi du horrek umearen eskubideei dagokienez, zelan uztartu daitezkeen umearen eskubideak eta ingurumen eskubideak eta zein norabidetan goazen.

  Aurten 17 mintegi hartuko ditu Lege Soziologia Institutuak, apiriletik uztailera arte. Horietako batzuk bereziki interesgarriak gerta litezke oñatiarrontzat, hala nola, etxez etxeko zaintzaren sektorea eta digitalizazioa maiatzaren 2 eta 3an; mugen inguruko ikerketa kritikoak, maiatzaren 23-24an edota 15/2022 Legea, tratu berdintasuna eta diskriminazio ezarako, ekainak 6-7an.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!