Oñatiko udala

Gazte elkarte eta sormena bultzatzeko dirulaguntza eskaerak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2019/05/16
Card image cap
Apirilaren 23an amaitu zen eskaerak aurkezteko epea

  Gobernu taldeak bere ohiko jardunean jarraitzen du, udalbatza berria aukeratzeko eguna geroz eta hurbilago dagoen arren. Asteroko bilerak egiten jarraitzen du, nahiz eta, erabakitzen diren gai gehienak tramitezkoak diren. Gaurko bilerarako 25 gai zerrendatu dira eta horietako asko, herritarrek egindako idatzi eta eskaera partikularrak dira.

  Etxaluzeko parkeko berritze lanak amaitu diren honetan, inguruko belardiak osatzeko hainbat landare sartzea proposatu du herriko lorategi eta berdeguneez arduratzen den enpresa. Etxaluzeko landaketa proposamena zertan den azalduko zaie gobernu taldeko kideei, erabakia hartu dezaten.

  Haurrak eta Gazteria batzordearen eskutik berriz, gazte elkarte eta sormena sustatzeko aurkeztu diren dirulaguntza eskaerak aztertuko dira. Urtero ematen diren dirulaguntza hauek hiru lerro biltzen dituzte: kultur sormen eta hedapena, urteko programaketa eta elkarteen sustapena nahiz ez ohiko jarduerak. Haur eta Gazteria departamentuak 15.000 euroko diru poltsa du banatzeko. Eskaerak egiteko epe nagusia apirilaren 23an amaitu zen eta jasotakoak aztertuko dira arratsaldeko bileran. Lehen deialdi honetan diru partida osoa agortuko ez balitz, bigarren epe bat zabalduko da urrian, kultur sormena eta hedapen lanetarako.

  Udal langileen formaziorako ikastaro eskaerak, ikasle batek udalean praktikak egiteko eskaera eta administrazio orokorreko administrari plaza duten lanpostuen balorazioa egokitzea ere aztertuko da arratsaldeko bileran, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!