Oñatiko udala

Gaur sinatu da auzo bideak konpondu eta hobetzeko kontratua

2023/10/11
Card image cap
Altuna y Uria enpresak egingo ditu 2023ko kanpainak jasotako lanak

  Udalak eskatutako dokumentazio gehigarria eta behin betiko fidantza ordainduta, Altuna y Uria enpresarekin Oñatiko bide sarea konpondu eta hobetzeko lanen kontratua goizean sinatu da. Hiru hilabeteko epea izango du 2023ko kanpainarako zerrendatu diren lanak osatzeko.

  Hamar auzo-bide konponduko dira aurtengo kanpainan. Konponketa eta hobekuntza lan orokorrak egingo dira. Ez da beraz, asfaltatze lanik burutuko, proiektu txiki batzuen erremateak izan ezik. Iruatz, Lezesarri, Santa Lutzia, Tokillo, Kamela, Otadui-Urzelai, Agerre, Araotz Urruti eta Lurgorrieta baserrien inguruko bideen konponketa edo hobetze lanak jaso dira aurtengo zerrendan, Auzo-alkateen foroan adostu zenaren arabera. Lanak Injelan enpresak idatzitako exekuzio proiektua oinarri hartuta egingo dira eta aipatu landa eremuko hamar bidetan hamabi esku-hartze gauzatuko dira.

  Bi enpresa aurkeztu ziren lizitazio prozesura eta eskaintza ekonomiko merkeena proposatu zuen Altuna y Uria S.Aren aldeko esleipena gauzatu da gaur goizean, kontratua sinatuta. Udalak lizitaziorako zehaztu zuen aurrekontua 13.350 eurotan merkatuta, lanak 149.457 eurotan egingo dira, hiru hilabeteko epean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!