Gaur ireki da larre aprobetxamenduagatiko tasa ordaintzeko epea
Ganadua Aloña aldera eramateko izena eman duten jabeei kobratu ohi zaie larreratze tasa. Horretarako, zenbat behor, behi, idisko eta ardi eraman behar dituzten zehazten dute udazkenean, hurrengo urterako larreratze baimena eskatzen dutenean. Txabolarik erabiliko duten ere jakinarazi behar da. Urtetik urtera gora behera txiki batzuk izaten dira larreratze baimena eskatzen dutenen kopuruan: 2020an 113 eskaera baimendu zituen Foru Aldundiak, iaz, 116 eta aurten ere, 116.
Gaur bertan ireki da larre aprobetxamenduagatik udal tasa ordaintzeko borondatezko epea. Kasu guztietan ordainketa banketxe bidez egiten da, baimena eskatzerakoan kontuaren zenbakia ematen baitute ganadu jabeek. Kargua astelehenean, maiatzaren 8an egiteko agindua eman da. Baina ordainketa batzuk itzuli ohi dira eta kasu honetan, ordainketa, udal bulegoetatik pasata egin beharko dute ganadu jabeek. Ekainaren 9an amaituko da larreratze tasen borondatezko ordainketa epea.
Maiatzeko lehen egun hauetan hasten dira ganadua mendi larreetara eramaten. Baina artaldeen eta zezenen osasunarekin erlazionatuta ez da larreratze baimenik emango baldin eta albaitarien ziurtagiririk aurkezten ez bada; artaldeari hazteria edo sarnaren kontrako tratamendua egin zaionaren egiaztagiria presentatu behar da. Agiria albaitari batek sinatu behar du eta artaldea mendira bota baino aurreko hilabeteko epean egindakoa izan beharko da. Antzinatasun handiagoko ziurtagiririk ez da onartuko. Zezenen kasuan tricomonas bovina gaitzetik libre daudela adierazten duen agiria aurkeztu behar da larreratu aurretik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!