Gaur hasi eta abenduaren 11ra arte luzatuko dira Debagoieneko 24. Jardunaldi Gastronomikoak
Arantzazuko Goiko Bentak, Arrasateko Hilarion eta Santa Anak, Bergarako Lasak eta Elgetako Maialde Hotelak parte hartzen dute Jardunaldi Gastronomiko hauetan. Ohikoa denez, garaiko produktuekin prestatutako menu bereziak, prezio berezietan eskainiko dituzte gaurtik eta abenduaren 11ra arte.
Eztia izango da 24. jardunaldi hauen produktu gastronomikoetako bat eta horren haritik, bihar Arrasaten, Debagoieneko Lehenengo Erle Eguna ospatuko da. Ezti ekoizleen eta kosmetika azoka egingo da, ezti desberdinen dastatzea eta kandelak egiteko tailerra antolatu dira, besteak beste. Seber Altube plazan izango da bihar goizean. Gozotik jarraituz, eta Arrasaten bertan, azaroaren 19an Debagoieneko 2. Postre Lehiaketa egingo da eta tartean, urriaren 23an, Gatzaren Eguna ospatuko da Leintz Gatzagan.
Bertako produktuen jatorria eta elaborazio prozesuak ezagutzeko bisita gidatuak ere eskaintzen dira Jardunaldi Gastronomiko hauen baitan. Hala, Leintz Gatzagako gatz museoa zabalik dagoela gogorarazten zaigu, eta Oñatin, Txokolateixia eta Gomiztegi baserria ere bai. Antzuolako Lapatza nekazaritza ekologikoko baserria eta Aretxabaletako Mendibitzu okela ekologikoa ekoizten duen baserria ere bisitatu daitezke, aurrez eskatuz gero.
Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoen helburua, gastronomia eta turismoa elkartuz eskualdeko baliabide turistikoekin ibilbide paregabeak egiteko aukera eskaintzea da, behe denboraldian ere, Debagoieneko eskaintza turistikoa zabalduz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!