Gaur etengo du Hotz Oñatik lurrikaretan kaltetuentzat manta eta neguko arropen bilketa
Gaueko 21:30etan Zubikoa kiroldegia itxi arte eramaten den neguko materiala izango da Hotz Oñatik Turkiako eta Siriako kaltetuentzako jasoko duen azkena, oraingoz behintzat. Astelehenetik larunbatea egin behar zen material bilketa eten beharrean daudela jakinarazi digute Hotz Oñati taldeko kideek, gainezka baitaude.
Herriak oso ondo erantzun du, beste behin. Manta, lozaku, txamarra, eskularru eta txapel pila bat jaso dira kiroldegi atarian jarritako kaxetan eta guztiagatik eskerrak eman nahi ditu Hotz Oñati taldeak. Baina material gehiago kudeatzeko zailtasunak dituzte eta bilketa eteteko erabakia hartu dute. Garraio eta banaketaz arduratuko den DYA Bizkaiak ere espero baino material gehiago jaso du eta ezin izango du guztia kaltetuei helaraztea, oraingoz.
Mantak eta neguko arropa jasotzeko azken eguna da gaur gurean, baina laguntza ekonomikoa helarazteko bidea martxan du Hotz Oñatik. Laboral kutxan kontua aktibatuta dauka elkartasun taldeak (ES08 3035 0005 3300 50078053) eta Bizum bidez ere (05103) egin daitezke ekarpena. Siria kontzeptua jarrita jasotzen den diru guztia Turikia eta Siriako kaltetuengana bideratuko da, lurrikarek bereziki suntsitu dituzten lurraldeetan lanean ari diren Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez.
Ostiralean berriz, premiazko elikagai bilketa egingo da herriko lau dendetan: San Migel kooperatiban, Errekalde eta Arantzazuko Ama kaleetako Eroski dendetan eta Olakuako Super BMn. Arrain kontserbak, barazki eta lekale kontserbak, arroza, pasta, esnea eta gailetak jasoko dira eta batutakoa Zaporeak elkartera bideratuko du Hotz Oñatik.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!