Oñatiko udala

Gaur amaitzen da Udalak aldi baterako kontratatu nahi duen administrari lanpostura aurkezteko epea

2023/09/20
Card image cap
Toki ekintzetarako laguntzen programaren baitan beteko da, Lanbideren bitartez

  Izan ere, administrari lanpostu honi buruzko deialdia Lanbideren web orrian argitaratu da eta izen-ematea ere bertatik egin behar da. Izena eman eta jarritako baldintzak betetzen dituzten hainbat hautagairen curriculum-ak helarazi dizkiete udal arduradunei Lanbidetik baina gehiago espero dituzte, gaur delako izena emateko azken eguna.

  Hautaketa prozesura aurkeztu ahal izateko, Oñatin erroldatuta eta langabezian egotea, Batxilergoa, lanbide heziketa 2 edo baliokidea izatea eta euskarari dagokionean, C1, EGA edo 3.Hizkuntza Eskakizunaren maila izatea eskatzen da. Administrari lanetan esperientzia izatea eta lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak eginak izatea baloratuko da, baita Word eta Excel IT txartelak izatea ere. Udaleko Gizarte Zerbitzu departamentuan arituko den administrariari sei hilabeterako kontratatua egingo zaio, %50eko lan jardun partzialaz.

  Lau dira enplegua sustatzeko toki ekintzetarako aurtengo deialdian Lanbiderekin hitzartu direnak: administraria, administrari laguntzailea eta bi kale garbitzaile. Administraria urrian lanean hastea aurreikusten da. Beste hirurak azaroan eta abenduan hasiko dira, eta hartarako deialdiak datozen asteetan argitaratuz joango dira.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!