Gaur amaitzen da udal brigadan eta kale garbiketa zerbitzuan bete nahi diren lau lanpostuetara aurkezteko epea
Udal plantilla osatzeko bete asmo diren plazak dira udal brigadako pioi gidaria eta kale garbiketa zerbitzuko bi pioi eta pioi gidaria. Gauerdian amaituko da hautaketa prozesurako izen-emate epea eta dagoeneko 33 lagunek egin dute: brigadako pioi gidarirako, 9k; kale garbiketako pioitarako 18k etaa kale garbiketa pioi gidarirako, 6k.
Lanpostu guztietarako 1.HEaren maila izatea eskatzen da. Pioi gidari lanpostuetara aurkezteko C motako gidabaimena behar da eta brigadan aritzeko, eskola gradua, lanbide heziketa edo parekoa eta kale garbiketa zerbitzuan aritzeko berriz, eskola ziurtagiria edo baliokidea izatea eskatzen da. Kale garbiketako pioiei B gidabaimena izatea ere eskatzen zaie. Oinarrizko baldintza horiek betetzen dituztenak aurkeztu daitezke udalak zabalik dituen oposizio-lehiaketa bidezko hautaketa prozesuetara. 20 euroko tasa ordaindu behar da.
Eskaerak udalaren erregistro elektronikoan sartuta edo HAZ bulegoan aurkeztu daitezke, aurrez aurre. Baina kontu egin udaletxeko bulegoa 15:30etan itxiko dela. Izen-ematea edozelan eginda ere, eskaera orria tentuz eta guztiz osatzeko azpimarratu dute udal arduradunek: eskatutako datu guztiak beteaz, behar bezala sinatuaz, ordainketa eginez eta jarritako baldintzak eta merituetan adierazitakoak ziurtatzen dituzten agiriak eskaerari erantsiaz.
Kale garbiketa eta udal brigadarako lau plazak oposizio-lehiaketaz beteko dira. Hautagaiek azterketa teoriko-praktikoak eta gaitasun eta nortasun probak gainditu beharko dituzte eta euskara maila egiaztatzen ez dutenek, euskara azterketa ere bai. Lehiaketa fasean berriz, lan esperientzia, formazio akademiko gehigarria eta eskatutakoaren gaineko gidabaimenak izatea baloratuko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!