Oñatiko udala

Gauerdian hasi da maiatzaren 28ko Udal eta Foru hauteskundeetarako kanpaina

2023/05/12
Card image cap
Kartelak itsasteko 40 panel jarri dira herrian

  Bidaurretako errotonda inguruan, Garaineko finkan, Galartza etxeko burdinsarean eta kultur etxeko hesian jarri dira hauteskunde propagandarako panelak. 10 panel gune bakoitzean. Foruen enparantzako arkupetan ere, zutabeetan, alderdien propaganda itsatsi ahal izango da, hauteskunde batzordeak onartu eta argitaratu zuenez.

  Ohiturak aldatzen ari dira eta kanpaina egiteko bideak ere aldatu dira; alderdi baten edo beste baten aldeko botoa eskatzeko geroz eta kartel gutxiago itsasten dira. Hala ere, legez, oraindik, halako panelak jartzeko derrigortasuna dago. Udal langileek pasa den astean jarri zituzten panelok zehaztutako lekuetan eta bertan geratuko dira maiatzeko azken egunetara arte, udal eta foru hauteskundeak pasata jasoko baitira. Oñati Irratiak ere doako propaganda tarteak eskainiko dizkie udal hauteskundeetara aurkezten direnei.

  Lau hautagaitza daude Udal hauteskundeetarako eta sei berriz, Batzar Nagusietarako; EH Bildu, Euzko Alderdi Jeltzalea, PSE-EE eta Partido Popular-ak bietarako hautagaitzak aurkeztu dituzte eta Batzar Nagusietara, Elkarrekin Podemos-Ezker anitza/IU-Berdeak Equo-Alianza verde koalizioa eta STOP taldea ere aurkezten dira.

  Udal hauteskundeetan Oñatiko udalbatza osatuko duten 17 hautetsi aukeratuko dira, eta horiek alkatea aukeratuko dute, ekainaren 17an egingo den udalbatza eratzeko batzarrean. Gipuzkoako Batzar Nagusiak berriz, 51 kidek osatzen dituzte eta hauen hautaketa barrutien arabera egiten da. Gipuzkoa lau barrutitan banatzen da eta populazioaren araberako ordezkaritza dute: Deba-Urolak 14 batzarkide aukeratzen ditu, Donostialdeak 17, Bidasoa-Oiartzunek 11, eta Oria-Goierrik 9.

  Batzar Nagusietarako Deba-Urola barrutiko hautagaitzetan ere bi oñatiar daude: Nerea Zubia Blazquez EH Bilduren zerrendan 8.a da eta Mª Jose Etxegoien Arzuaga EAJren zerrendan 9.a.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!