Oñatiko udala

Garbitasun neurri bereziak hartzen ari dira kale garbitzaileak

2020/03/18
Card image cap
Hondakinen bilketan ez ohiko neurriak hartu ditu Mankomunitateak

  Udaleko kale garbitzaileen plantilla osoa aritu da gaur lanean, 12 langile, zerbitzu arduraduna barne. Eta bizi den egoera kontuan hartuta, eguneroko jarduna moldatu eta lehen tarte handiagoz egin ohi zituzten sakoneko garbitasunak maizago egiten hasi dira. Gaur, goizean goiz, kaleak ureztatzen hasi dira. Ur zisternaren laguntzaz, desinfekzio produktu berezia duen urez garbitu dira kaleak. Kale Barria eta Atzeko kaletik hasi dira baina erdiguneko gainontzeko kaleetara eta bereziki jendea dabilen lekuetara zabaldu dira, osasun zentro, kutxazain automatikoak, botikak, janari dendak… dauden inguruetara.

  Zisterna bidezko garbiketa domeka goizetan egiten dute baina aurrerantzean astean zehar eta maizago egingo dutela adierazi digu taldeko buruak. Aurreko egunetan euria egin duenez ez dute egin baina gaurkoaren ondoren ostiral-larunbatean errepikatzeko asmoa dute. Uraz gain produktu desinfektatzaile bat darabilte, normaleko garbitasunetan baino kantitate handiagoan. Atzo berriz, kalean dauden zaborrontzi inguruak garbitu ziren ura eta xaboia presioan botatzen duten pistolak erabiliz. Bestela, eskuz eta barredoraz, ohiko kale garbiketa zerbitzua normaltasunez egiten jarraitzen dute.

  Higienez baita ere, TAO edo OTA makinak estali eta anulatu egin dira. Horrek esanahi du erdiguneko kaleetan aparkatzea mugatzen duen sistema bertan behera geratu dela, osasun alarma egoerak hala eraginda.

  Debagoienako mankomunitateak bere aldetik, ez ohiko neurriak hartu ditu osasun alerta egoera honi aurre egiteko. Hondakinen bereizketa eta jasotze zerbitzuak bere horretan jarraituko du baina errefusa jasotzeko hainbat edukiontzi jarriko dira datozen egunetan. Herritar guztiek izango dute errefusa edukiontziak egunero erabiltzeko aukera.

  Ohartarazpen berezia egin du Mankomunitateak COVID 19aren proban positibo eman duten edo berrogeialdian dauden herritarrei zuzenduta. Hauek ez dute hondakin bereizketarik egingo eta hondakin guztiak errefusaren edukiontzietara bota beharko dituzte ondo itxitako plastikozko poltsetan.

  Traste zaharren asteroko zerbitzua, ehunki eta berrerabilgarriak jasotzeko zerbitzua eta herririk herri darabilen Garbigune ibiltaria bertan behera utzi ditu Mankomunitateak eta Urrutxuko garbigunea zabalik dagoen arren gremioentzat soilik dagoela argitzen da, hau da, gremioen hondakinak soilik onartzen direla.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!