Oñatiko udala

Oharra zabaldu du Mankomunitateak, Garbigune ibiltariaren erabilera okerra dela eta

2023/09/19
Card image cap
(Arg: Debagoieneko mankomunitatea)
Hondakinak nahastuta edota apurtuta agertu ei dira

  Garbigune ibiltaria Debagoieneko udalerri guztietara eramaten du Mankomunitateak eta bi astean kokatzen da herri bakoitzean. Oñatin, hileko lehen ostegunean azoka ondoan kokatzen da, eta hirugarrenean, Olakua auzoan. Aste honetan bertan, irailaren 21ean, Olakuan izango da garbigune ibiltaria.

  Hondakin arriskutsu txikiak utzi daitezke garbigune ibiltarian, Urrutxu, Bergara edo Arrasateko garbiguneetara joan beharrik izan gabe. Zerbitzua herritarrei hurbiltzea garrantzitsua da Mankomunitatearentzat, baina hori bezain garrantzitsua da erabilera ona eman eta hondakinak egoki eta txukun sailkatzea, benetan eraginkorra izan dadin. Horregatik, eta hainbat erabilera oker antzeman direnez, zuzentzen ahalegintzeko eskaera oharra zabaldu da.

  Garbigune ibiltariaren erabilera okerrak arazoak sortu ditu, hondakinak guztiz nahastatuta, gaizki bereizita eta oso modu zikinean utzi direla ikusi da han eta hemen. Gainera, hondakin batzuk ere apurtuta agertu dira arriskua areagotuz, adibide gisa fluoreszenteak aipatu daitezke, apurtzean gas toxikoa askatzen baitute.

  Hondakinak behar bezala bereizita eta modu garbi eta ordenatuan uztearen garrantzia azpimarratzen dute Mankomunitateko ordezkariek zabaldu berri duten oharrean, eta gauzak ondo egiten ahalegintzeko eskaera helarazi nahi diete erabiltzaileei.

  Oñati, Arrasate eta Bergarako garbiguneen osagarri den garbigune ibiltaria 2013an, orain hamar urte abiarazi zuen Debagoieneko Mankomunitateak, hiri hondakinak gaika biltzeko zerbitzua herritarrengana hurbiltzeko helburuz.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!