Oñatiko udala

Garapenaren aldeko proiektu estrategikoak eta ekintza puntualak gauzatzeko udal dirulaguntzak ebatzi dira

2024/04/17
Card image cap
Arg: Lumaltik Herriak
21 eskaera jaso dira eta 18 onartuta, diruz babestea erabaki da

  Udalak garapenaren aldeko lankidetzarako dirulaguntzen baitan bereizten dituen lau lerroetako bi dira lankidetza proiektu estrategikoak eta ekintza puntualak. Eskaerak egiteko epea martxoaren 6an itxi zen eta jasotako proiektuak aztertu eta baloratuta, dirulaguntzak ebatzi berri dira.

  Hegoaldeko herrialde pobretuetan lankidetza proiektu estrategikoak garatzeko 14 laguntza eskaera jaso baina bi baztertu dira, eskatzaileek ez dutelako egiaztatu elkartearen egoitza nagusia edo ordezkaritza Oñatin dagoenik. Onartutako 12 eskaerak baloratu dira eta puntuazioaren araberako dirulaguntza jasoko dute.

  Hermansoloña elkartearen izenean, Argentinako Jose C Pazen hainbat hobekuntza lan egiteko eta Tindufeko Mahbes dairan laguntza egitasmo integrala osatzeko dirulaguntza eskatu zen. Bubulum taldeak Nikaraguan urritasuna duten haur eta gazteei arreta eskaintzeko proiektuarekin jarraitzen du. Zazpi Udaberri elkarteak berriz, Guatemalan emakumeen ahalduntzerako eta hezkuntza sistema indartzeko proiektuari eusten dio eta Elkartasuna Txiapasekin taldeak Mexiko hegoaldean lurraldearen defentsarako egitasmoak babesten jarraitzen du. Hotz Oñati taldeak Yemengo familientzat elikagai eta garbitasun pack-en egitasmoarekin darrai, Mundu Solidarioa Helburuk bi proiektu babesten ditu Nikaraguan, pertsonen inklusioa eta garapen promotoreak prestatzeko. Arantzazuko Adiskideak taldeak berriz, haurren bizi kalitatea hobetzeko energia jasangarrien inguruko proiektua du eskuartean. Nomada elkarteak, Nepalen bi egitasmotan lan egiten du eta Lumaltik Herriak elkarteak, Mexikoko Chiapas eskualdean tokiko garapenerako egitasmoa babesten du. Guztiek udalaren dirulaguntza jasoko dute. Orain, laguntzaren %75a bideratuko da eta gainontzekoa, diru-zuriketa aurkeztu ondoren. Abenduaren 31n amaituko da gastu zuriketarako epea.

  Ekintza edo ekimen puntualetarako 7 dirulaguntza eskaera jaso dira baina bat ezeztatu da, eskatzaileak ez zuelako egiaztatu egoitza soziala Oñatin duenik. Onartutako sei eskaeratatik lau Hermansoloña taldeak aurkeztu ditu eta Argentinan hainbat proiektu konkretu burutzeko dira. Beste bi, Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren izenean aurkeztu dira eta Dominikar Errepublikan garatuko diren hezkuntza eta osasun egitasmoak dira.
Guztira, bateko eta bestekoetara ia 109.000 euro bideratuko ditu Udalak

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!