Oñatiko udala

Ganbara abesbatzak Jürmala-ko nazioarteko lehiaketa parte hartuko du asteburuan

2024/09/19
Card image cap
Modalitate behartuan eta librean arituko da

  Letoniako Jürmala-ko lehiaketa Europako Grand Prix zirkuitua osatzen duen nazioarteko abesbatzen lehiaketa berriena da, 2016an abiatu baitzen. Hamar abesbatzek parte hartuko dute, tartean, Ganbara abesbatzak. Lehiaketak modalitate behartua eta librea biltzen ditu eta oñatiarrak bietan arituko dira. Gainera, bihar egingo den aurkezpen saioan ere parte hartuko dute. Horrek, 12 piezako programa zabal eta exigentea prestatu beharra eragin die baina ilusio handiz doaz Letonian lehiatzera.

  Bihar goizean bidaiatuko dute Ganbara abesbatzako kideek Letoniara eta folklore arloko erakustaldian parte hartuko dute, arratsaldean. Larunbatean, berriz, behartutako lehiaketa izango da, goizean, eta librea, arratsaldean. Emaitzen arabera, domekan jokatuko den Grand Prix finalerako sailkatu daitezke. Balizko azken lehia horretarako programazioa ere prestatu dute, badaezpada.

  Bihar arratsaldean ia 5 minutuko aurkezpen saiotxoa eskainiko dute oñatiarrek eta Lau tailatu eta Ama begira zazu abestiak interpretatuko dituzte. Larunbat goizeko kantaldiaren egitaraua lotuagoa da eta behartutako abestiarekin batera, pieza erromantiko bat, 2000. urteaz geroztik konposatutakoa eta dagokion herrialdeko folkloreko beste bat eskaini beharko du talde bakoitzak. Oñatiarrek Alegeratzen egondu nintzan Lekarozen jasotako euskal abestia eskainiko dute, besteak beste. Lehiaketa librean, berriz, egitaraua guztiz hautazkoa da eta Ganbara abesbatzak ia 10 minutuko programa prestatu du eta abesti sakro bat eta Jabier Bustoren Sagastipean kantatuko du.

  Lehen aldia da Ganbara abesbatzak Jürmalako lehiaketan parte hartzen duela baina ez Europako Grand Prix zirkuitoan, iaz, esaterako, Italiako Gorizian izan ziren. Oñatiarrekin batera, Finlandia, Filipinak, Letonia, Txekia, Lituania, Estonia eta Suediako beste 9 abesbatza arituko dira bihartik domekara luzatuko den nazioarteko lehiaketa honetan.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!