Oñatiko udala

Foruen enparantzan esku-hartze integrala egin eta erabilera anitzeko gunea egokitzeko lanak esleipenera atera dira

2025/04/16
Card image cap
Kioskoan, lorategian edota jolasgunean hainbat lan egitea aurreikusten da

  Juntura kooperatibari eskatu zion Udalak Foruen enparantzaren jarraipena den aldameneko gunea hobetu eta integratzeko proiektua osatzea. Alde batetik, egoera txarrean dagoen zoladura ordezkatzea jasotzen du proiektuak, eta, bestetik, erabilera anitzeko espazio honetan garatzen diren dinamikak hobetzeko estrategiak barne hartzen dira. Horrela, asfaltozko eremuaren erabilera indartzeko inguru lau eta zabala mantenduko da zoladura berrituz eta instalazio berriak egokituz. Pisu handiari eusteko moduko zoladura jarriko da, kamioiak edota barrakak bertara sartzen direla aurreikusita, eta elementu ezberdinak integratzeko zoladura mota ezberdina erabiliko da gunearen arabera. 

  Iturria eta Gernikako arbola lorategian integratzea aurreikusten da, dagokien garrantzia azpimarratzeko. Arnas gune diren lorategietan landare gehiago sartuko dira eta, irisgarritasunaren aldetik, joan-etorriko bideak hobetuko dira, azoka eremurako arrapala egokituko da, egungo behin behinekoa ordezkatuz, eta Gernikako zuhaitzaren ardatza zabalduko da, oztopo arkitektonikoak kenduta. Irisgarritasun baldintzak beteko dituzten eskailera berriak egingo dira azokan eta bertako eserlekuetan eta pilotalekuko harmailetan zurezko elementuak jarriko dira, erosoagoak eta goxoagoak izan daitezen. 

  Kioskoan grada moduko batzuk eratuko dira frontoira begira, aurrealdean dagoen gunetxoa ikuskizun txikitarako egokituz. Horrela kioskoa bi aldetara irekiko da, lekuaren funtzionaltasuna areagotuz. Pilotalekuaren ezker pareta jarraituz Lazarraga lorategia mugatzen duen horman sarrera berria irekitzea aurreikusten da, jolasgunea eta lorategiaren arteko trantsitua erraztuz. Baina lorategiaren kota altuagoa da eta, ondorioz, sarrera berri horren ingururako zirkulu erdi formako eskailerak diseinatu dira asfaltozko eremuan. Sarrera berri horrek atea izango du eta plaza aldameneko langaren antzera, ireki edo itxi egingo da, lorategiaren erabilera publiko edo pribatua den garaiaren arabera. 

  Bestelako elementu batzuk ere aurreikusten dira konplexua den esku-hartze integralerako proiektu honetan. Argindar sarea, esaterako, berritu egingo da, Oñargi enpresak landu duen txostena oinarri hartuta. Lan hauek Oñargik ordainduko ditu nahiz eta prozedura berean esleituko diren.

  Lizitaziora atera diren Foruen enparantza ingurua egokitzeko lanok handiak dira eta aurrekontua ere halakoa da, ia 702 mila eurotan finkatu baita lizitazio prezioa. Udalak Next Generation funtsetik dirulaguntza jaso zuen lan hauetarako, ia 420 mila euro, hain zuzen ere. Lanak 9 hilabetetan egitea aurreikusi da. Proposamenak egiteko epea, berriz, apirilaren 22an itxiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!