Foru Aldundian izan dira bailarako udal ordezkariak, garraio publikoa hobetzea eskatzeko
Oñatiko, Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Elgetako alkateak eta Antzuolako zinegotzi bat Gipuzkoako Foru Aldundian izan ziren pasa den astean, eskualdeko garraio publikoaren inguruan berba egiten Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin . Bi gai konkretu eraman zituzten: autobusen egoera kaskarra eta bailarako autobus lineak hobetu beharra.
Debagoieneko udal ordezkariek mugikortasun iraunkorra bultzatzen jarraitzeko konpromisoa azaldu zioten Azahara Dominguez diputatuari baina aurrera egiteko garraio publikoaren baldintza egokiak bermatzea ezinbestekoa dela esan zioten. Autobusen mantenu egokia, lineen egokitasuna eta maiztasuna, lineen arteko lotura eta abar, gutxieneko baldintza beharko luketela adierazi zioten Mugikortasun diputatuari. Egiari zor, Dominguezek kargua hartu zuenetik hainbat neurri zuzentzaile hartu dira eta, ondorioz, kexen kopurua nabarmen jaitsi dela erakusten dute azken hilabeteetako datuek.
Foru Aldundiaren 2024ko aurrekontuetan Gipuzkoako eskualde guztietan mugikortasun planak bultzatzeko diru partida izatea aurreikusten du Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatuak. Eskualdeko udal arduradunek plan estrategiko hori lantzeko hitza eman zuten eta, gai honetan bezala, mugikortasun iraunkorrerako gainontzekoetan ere lankidetzan jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten bi aldeek.
Elkarlan horren emaitza da Elorregiko autobus geltokia eraberritu eta hobetzeko lana. Proiektu horretan Oñatiko, Bergarako eta Arrasateko udalek eta Foru aldundiak bat egin zuten, eta, ondoren, Debagoieneko Mankomunitatea ere batu zen, instalazioen mantenua bere gain hartuz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!