Oñatiko udala

Foru Aldundiak antolatu dituen Herritarrekin topaketak egitasmoaren baitan, Oñatin garatu diren parte hartze prozesuen berri emango da.

2013/05/28
Topaketa hauek ekainaren 6, 7 eta 8an egingo dira.

  Gipuzkoako Foru aldundiko herritarren partaidetzarako zuzendaritzak antolatu ditu “Herritarrekin topaketak” izeneko jardunaldiok. Helburua 2011-2015 agintaldiko lehen bi urteetan herritarren partaidetzaren inguruan garatutako esperientzia ezagutarazi, aztertu eta balioan jartzea da, aurrera begira, urrats berriak emateko jakintza eskuratuz.

  Hala, Latino Amerikako eta Europako hainbat esperientzia aurkeztuko dira eta baita Gipuzkoako herri ezberdinetan garatu direnak, tartean, Oñatikoak.

  Jardunaldiek, 3 egun iraungo dute. Lehena, herritarrei zuzenduta egongo da, bigarrena, arlo ezberdinetako teknikariei eta hirugarrena berriz, hautetsiei. Guztietan, Brasil, Venezuela, Uruguai edota Ekuadorreko tokiko erakundeen parte hartze esperientziak, Islandian Konstituzioa berrikusteko herritarren partaidetza edota Alemanian herritarren lege ekimen eta tokiko herri galdeketak egiteko bitartekoak ezagutu ahal izango dira. Azalpenak, nazioarteko lau adituk emango dituzte.

  Tekniko eta hautetsiei zuzendutako ostiral eta zapatuko jardunaldietan gainera, bertako esperientzia batzuk azalduko dira Donostia, Segura eta Oñatikoak. Oñatiri dagozkion aurkezpenak, Nerea Zubia zinegotziak eta Mikel Biain alkateak egingo dituzte.

  Gipuzkoan herritarren parte hartzea bultzatzen duten ekimenak ez dira berriak. Herri gehienetan halako esperientziak egon badaude eta  tokian tokikoaz gain, partehartze sare bat ere eratu da herrialde mailan. Parte hartzeko mekanismoak zehaztu dira, horiek gauzatzeko diru laguntzak finkatu eta ematen ditu diputazioak eta bide honetatik hartutako erabakiak une honetan gauzatzen ari dira. Eta arlo honi dagozkion diru laguntzak aipatuta, esan, Foru aldundiak aurtengoak jakinarazi berri dituela. Oñatiko udalak 2013 eta 2014rako aurkeztutako proiektuetarako, urteko 7.500 euroko dirulaguntza ematea erabaki du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!