Oñatiko udala

Familia ugarientzako hobari taula zabalduko du Udalak kiroldegiko bazkide kuotan

2021/12/10
Card image cap
Datorren asteko Osoko Bilkuran aurkeztuko da hobekuntza alegazio moduan

   Zubikoa kiroldegiko bazkide kuotan familia ugarientzako hobari taula zabaltzea erabaki du udal gobernu taldeak, Hirukide, Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkartea, adostasun batera iritsita. Ondorioz, orain arteko hobari taula mantendu eta 66.500 euroko urteko errenta azpitik duten familietan 3. seme-alabak eta hortik aurrerakoek, gazteenetik hasita, doan izango dute kiroldegiko abonu txartela.

  Familia ugariek kuota berezia izan dute kiroldegiko tarifetan azken urteetan eta familia kuota orokorraren erdia inguru ordaindu dute, etxekoen diru-sarrerak kontutan hartu gabe. 2022ko tarifak eguneratzekoan ordea, urteko errenta hartu da hobariak aplikatzeko irizpide nagusi gisa eta hasierako planteamenduan ez zen familia ugari kontzeptu hori berezitu. Gaia berriro aztertu du gobernu taldeak, eta familia ugarientzako hobari taula zabaltzea adostu du Euskadiko Kide Ugariko Familien elkartearekin.

  Aldaketa datorren asteko Osoko Bilkuran aztertuko da gobernu taldeak hobekuntza alegazio moduan aurkeztuko baitu, 2022ko udal ordenantza fiskaletan jaso dadin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!