Oñatiko udala

Fagor Industrial Onnera Group kooperatiba izango da etorkizunean

2024/05/30
Card image cap
Erabakia azken Batzar Nagusian hartu zen eta kooperatibaren fundatzaileak omendu ziren, 50. urteurrenean

  Ostiralean, maiatzaren 24an, egin zuten Fagor Industrialeko bazkideek urteko Batzar Nagusia, Zubikoa kiroldegian. Kooperatibaren 50. urteurrena ospatuz oso berezia bihurtu zen urteko Batzar Nagusian 359 lagunek parte hartu zuten. Aurreko ekitaldiko datu ekonomikoak eta beste zenbait xehetasunen berri emateaz gain, kooperatibaren izena aldatzeko proposamena eta bozketa, eta fundatzaileak omentzeko ekitaldia ere egin ziren.

  Fagor Industrial Onera Group S.Coop izango da aurrerantzean, bazkideen gehiengo zabal batek hala erabakita. Izen aldaketaren xedea egungo egitura kooperatiboa hobeto islatzea da, Taldeak hainbat marka komertzial eta filial barne hartzen baititu. Eguneratze horrek identitate korporatiboa modu argian eta eraginkorrean komunikatzen lagunduko duela adierazi dute kooperatibako ordezkariek. Baina egungo egitura orain 50 urte kooperatiba martxan jartzeko ahalegina egin zuten aitzindariei esker lortu da eta hauei aitortza egin zitzaien ostiraleko batzarrean. Txaloz hartu zituzten eta lore sorta bana eman zitzaien.

  Datu ekonomikoei dagokionean, Fagor Industrialek 370 milioi euroko fakturazioa eta %12,6ko Ebitda izan zuen iaz. Datu horiek taldeko kide guztien ahalegin eta konpromisoa eta egindako lanaren sendotasuna erakusten dutela esan zen Batzar Nagusian. Eta etorkizunera begira, bide berean jarraitzeko asmoa azaldu zen, merkatu globalean presentzia indartu eta marka komertzialen kudeaketa hobetuz. Horretan eragina izango ei du Onnera Group kooperatibaren izendapen berriak.

  Onnera Group Mondragon Korporazioaren parte den nazioarteko enpresa-taldea da, eta jatetxe-arlorako, garbiketarako eta hotz-aplikazioetarako ekipamendu-soluzioak eskaintzen ditu. Hainbat marka hartzen ditu barne: orain arte Fagor Professional izan dena, Asber, Edenox, Efficold, Danube, Domus, Primer eta Onnera Contract. Bere produktuak bost kontinenteetan merkaturatzen dituen talde globala da eta 7 fabrika ditu munduan zehar estrategikoki banatuta, Espainian, Frantzian, Polonian eta Mexikon eta merkatu bakoitzera egokitutako soluzio ugari eskaintzeko gai diren 2.300 profesional baino gehiago biltzen ditu.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!