Oñatiko udala

Excavaciones y transportes ORSA enpresak egingo du Goribarko biribilgunea

2023/02/15
Card image cap
Kontratua astean sinatuta, lanak lau hilabeteko epean egingo dira

  Foru Aldundiak esleitu berri ditu GI-2630 errepidean, 18,250 KP-an, Goribarko biribilgunea izango dena egiteko lanak. Deialdira eskaintza bakarra aurkeztu zen, ORSA enpresarena, eta jarritako oinarriak betetzen zituela egiaztatu ondoren bere aldeko esleipena egitea erabaki zuen kontratazio mahaiak. Astean sinatu dute adjudikazio kontratua.

  Diputazioak zehaztutako lizitazio aurrekontua 17.000 eurotan merkatuta, lanak, 554.747 eurotan egingo ditu Excavaciones y transportes ORSA enpresak. Aurrekontua merkatu da baina exekuzio epea bere horretan mantendu da eta Goribarko biribilgunea eratzeko lanak lau hilabeteko epean egin beharko dira. Lanak noiz hasiko diren zehazteko dago oraindik baina lanen zuzendaritza eta segurtasun eta osasun gaietarako koordinatzaileak izendatuta daude, beraz, lanak aste gutxiren buruan hasiko direla pentsa liteke.

  Goribarko biribilgune berriak 40 metroko kanpo diametroa hartuko du, 6 metroko zabalera duen eraztun erreia eta 12,5 metroko barne erradioa izango dituelarik. Bide adar bakoitzak zirkulaziorako sarrera eta irteera errei bana izango ditu eta horiek lerrokadura kurboak dituzten irlatxo deflektorez osatuko dira, hurbiltze abiadura murriztera bultzatu eta ibilgailuak zirkulazio birakarian sartzea errazteko. Era berean, espaloia eraikiko da Kasablanka aldera eta Torreauzoko bidegurutze aldera.

  Biribilgune berriaren proiektuak inguruko bizilagunen artean eztabaida eta tira-birak sortu zituen baina, aurkeztutako errekurtsoak ezeztatuta, Foru Aldundiak aurrera egin du, GI-2630 errepidearen segurtasuna hobetzeko plan orokorraren baitan. Oñatitik Elorregirako tartean aurreikusitako esku-hartzeetan azkena da Goribarko biribilgunea egitea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!