Eusko Labela duen baserriko txerriaren jardunaldi gastronomikoak egingo dira datorren astean, Debagoieneko XVI. Jardunaldi gastronomikoen atariko.
2009an hasi ziren mankomunitateko turismo departamentua eta eskualdeko jatetxeak elkalanean jardunaldi gastronomikoak antolatzen. Garaian garaiko eta tokian tokiko produktuak erabili eta promozionatuz, gastronomia turismoa erakartzeko bide izan zitekeenaz ohartu ziren. Bide batez, bertako baliabide gastronomikoak balorean jartzeko bidea zenaz ere konturatu ziren.
Debagoienean eusko labela duten baserriko txerriak ekoizten direla aprobetxatuz, produktu berezi hau ezagutzera emateko izaera berezia duten astebeteko jardunaldi hauek antolatzea erabaki da. Datorren astean, urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra, eskualdeko 6 jatetxetan eusko labela duen baserriko txerriaren produktuak oinarri hartuta menu bereziak eskainiko dituzte. Oñatin, Etxe Aundi eta Torre Zumeltzegi jatetxeek, Arrasaten, Hilarion eta Santa Ana, Bergaran, Lasa eta Elgetan, Maialde hotelak.
Baina, produktu hauek ezagutu eta dastatzeko beste aukera bat ere izango dugu, aurkezpen dastaketak antolatu baitira. Eta Oñatin hasiko dira gainera, urtarrilak 28an Etxe-Aundi jatetxean egingo baita lehenego aurkezpen-dastatzea. 29an, zita Arrasateko Hilarion jatetxean izango da eta 30ean, Bergarako Lasa jatetxean. Ekintza hauetan parte hartu ahal izateko izena aurrez eman behar da mankomunitateko turismo departamentura telefonoz deituta: 943 79 64 63
Gainera, aste berezi honen inguruan ere antolatuko da eusko labela duen baserriko txerriarekin egindako errezeten lehiaketa. Edozeinek har dezake parte eta interesa dutenek, oinarriak, www.turismodebagoiena.com web orrialdean ikusi ahal izango dituzte.Lehiaketaren irabazleak Eusko Labela duen baserriko txerriaren produktuekin osatutako otarra irabaziko du.
Baserriko txerriari eskainitako aste berezi hau Debagoienako XVI. jardunaldi gastronomikoen atarikoa da, hurrengo eskaintza gastronomiko hori otsailaren 14tik apirilaren 27ra izango baita.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!