Oñatiko udala

Euskararen erabilera sustatzeko pankartak eta kartelak Harrotze Astearen harira

2024/04/24
Card image cap
Dinamika propiodun taldea eratu nahi da herrian

  Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeaz gain, euskararen aldeko jarrera kalean ikustarazi eta indartzea du xede Harrotze Asteak. Harrokeriarik gabe baina euskaldun izatearen eta hala jarraitzeko asmoaren harrotasunaz.

  Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak euskararen defentsan deitutako ekimena herririk herri gauzatzen ari da. Oñatin zer eta nola egin eztabaidatu eta zehazteko bilera irekia deitu zen martxoan eta, horren haritik, hainbat kartel eta pankarta jarri dira herriko txoko ezberdinetan. Gazteleraz idatzitako mezuak ezabatu dira eta euskaraz lasai egiteko gonbidapen txartelak banatu dira herriko dendetan. Gainera, asteburuan ospatuko diren Olabartako jaixetan presentzia nabarmena izango dute euskararen aldeko aldarriek, antolatzaileen esanetan.

  Baina ekimenari jarraipena eman nahi zaio, aste bakarrera mugatu gabe. Horretarako dinamika propiodun talde bat eratzeko asmoa dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!