Oñatiko udala

Euskararen egunaren inguruko adierazpena gehiengoz onartu zen azken Osoko Bilkuran

2024/12/03
Card image cap
Euskara larrialdi linguistikoan dagoela eta euskaldunok jauzi berri bat emateko ardura dugula aldarrikatzen da

  Osteguneko Osoko Bilkuran aurkeztu zen Erantzukizuna eta konpromisoa, olatu berria sortzeko izenburuko  adierazpena, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. UEMAk zabaldutako idatzia bere egin zuen EH Bilduren udal taldeak eta hala irakurri zuen Iñaki Olaldek, Kultura batzordeburuak.

  Euskararen biziberritze prozesuak susperraldi egoera bizi izan duen arren, egun, bidegututzean dagoenaren ustea geroz eta zabalduago dago. Euskararen erabilerak ez du ezagutzaren maila berean gora egin eta euskara larrialdi linguistikoan dagoela azaldu berri dute ELEN Europako Hizkuntza Gutxituen sareak eta Euskalgintzaren kontseiluak. Iritzi horrekin bat egin dute udal ordezkariek ere.

  Epaitegietatik euskararen aurkako neurriak hartzen jarraitzen dutela gogorazten du adierazpen idatziak eta horri aurre egiteko, euskararen aldeko neurriei tinko helduz, jauzi handi bat eman behar dela dio adierazpenak. Eginkizun horretan, arnasgune diren udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratzen da eta gune euskaldunek jauzi berri hori irudikatu eta bide erakusle izateko ardura dutela adierazten da idatzian. Oñatiko Udalak konpromisoa hartu du, zeharkako hizkuntza politika aurrerakoiak indartu eta dagokion erantzukizuna bere egiteko. Euskararen aldeko olatu berria sortzeko unea dela eta Oñatiko Udala ere, olatu horren eragile izango dela onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran.

  Adierazpena gehiengoz onartu zen, EH Bilduren aldeko botoz. EAJko ordezkariak berriz, abstenitu egin ziren, beraien eskuetara bi idatzi ezberdin iritsi zirela eta horren arrazoirik ez zutela jaso argudiatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!